Bi pilota aukeraketa egin ziren atzo Astelena frontoian. Han bildutako gehienak, ordea, Abel Barriolari begira aritu ziren. Joan den igandean jokatu beharreko partida igande honetara atzeratu zuen Leitzakoak. Nitro Torneoko finalerdietan apurtu zuen eskuin eskuko hatz erakusleko azazkala. Astebetean asko hobetu du -galdu egingo du azazkala-, eta babesgarri batekin jokatuko du Ekaitz Saralegiren kontra, etzi.
«Ongi nago sasoiz eta ongi nago buruz; ez daukat inolako aitzakiarik igandean jokatzeko. Babesgarri bat jarrita ariko naiz. Astebeteko atsedena primeran etorri zait, eta atzamarrak onera egin du», esan zuen atzo Barriolak. Belauneko lesioa osatu berritan aritu zen Eskuz Banakakoan, joan den apirilean. Lau t'erdikora, urtebeteko etenaren ostean bueltatuko da. Erabat motibatuta dago horretarako, baina ez zaio kontrario erraza egokitu. «Hasteko izan nezakeen kontrariorik ezerosoena da. Lau t'erdian bikain moldatzen da: eskuinez pilota luze erabiltzen du eta ezkerrez errematatzen daki».
Zubietak eta Urrutikoetxeak ere aukeratu zituzten atzo pilotak Astelenan. Bigarren Mailakoegungo txapelduna da Urrutikoetxea, badaki hori Zubietak, baina entrenamenduetan sentsazio onak izan dituela eta hura dominatzen saiatuko dela onartu zuen atzo. Lau pilotariak gelditu ziren gustura aukeratutako pilotekin.
Gernikan ere izan zen atzo pilota aukeraketa. Berasaluze VIII.a eta Olazabal aritu ziren han. Olazabalek nabarmendu zuen ez dagoela hura horren pilota sendoetara ohituta, baina ez dagoela inolako aitzakiarik.
Xala eta Arretxe II.a, gaur
Lau t'erdikoaren bigarren jardunaldia gaur abiatuko dute Xalak eta Arretxe II.ak, Sodupen (Bizkaia). Belauneko lesioaren ondoren oraindik ere beldur apur batekin dabilela eta Iker Arretxe kontrario «oso arriskutsua» dela aurreratu du Lekuinekoak.
Barriola: «Ongi nago; ez daukat aitzakiarik»
Eskuin eskuko azazkal bat apurtuta dauka, baina babestu egingo du, eta Saralegiren kontra ariko da etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu