Abel Barriolak 22-11 irabazi dio Iker Arretxeri buruz buruko txapelketaren estreinako partidan, Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Bi zati argi izan ditu partidak. Arretxek bete-betean ekin dio lehiari, eta, ohartzerako, sake-errematean asmatuta, 0-3 eta 1-5 jarri da aurretik. Sufritzen jakin izan du, ordea, leitzarrak, eta, sakea berreskuratuta, min handia egin du gero jokoan, tantoak ondo landuz. Saketik bost tanto egin ditu Barriolak (bi pasa ere bai), eta bakar bat ere ez Arretxek. Atzelariari bizi atera zaio pilota eskutik, eta nahi izan duen guztia egin du pilota astindu eta astindu. Egiari zor, defentsako lan ona egin du Luzaideko aurrelariak, baina ezinean aritu da une oro, erabat behartuta. 1-5 galtzen hasi ondoren, Barriolak arnasa hartu du 7-5ekoarekin, eta 13-6raino ihes egin du gero. Bi paretekin txukun, pilota baztertzen maisu, 13-8tik 19-8ra joan da segidan leitzarra. Lehertuta eta amore emanda, 22-11 galdu du, azkenean, Arretxe II.ak. Barriolak Julen Retegi izango du zain hurrengo kanporaketan.
Pilota
Barriolak 22-11 irabazi dio Arretxe II.ari, buruz burukoan
Leitzarrak sufritu egin du partidaren hasieran, 1-5 galtzen hasita, baina saketik min handia egin du gero, eta eroso egin du aurrera. Retegi Bi izango du aurkari hurrengo kanporaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu