Banca Civica 61. Lagun Aro GBC 65

Barruan, eta gora begira

Lagun Arok Banca Civicari irabazi dio, eta lorpen historikoa gauzatu: lehen aldiz ariko da kanporaketetan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Banca Civica. Calloway (14), Urtasun (7), Sastre (2), Bogdanovic (6), Triguero (4) —hasierako bostekoa—; Tepic (7), Pampano, Balvin, Satoranski (2), Jasen, Rubio (9) eta English (10).

Lagun Aro GBC. Salgado (15), Vidal (5), Papamakarios (6), Panko (9), Betts (3) —hasierako bostekoa—; Neto (4), Lasa, Doblas (2), Baron (13), Lorant (8) eta Ogide.

Markagailua. 13-11, 26-27 (atsedenaldian); 47-49 eta 61-65.

Epaileak. Redondo, Jimenez eta Rial. Lagun Aroko Papamakarios kanporatu zuten.

Bestelakoak. 4.400 ikusle San Pablo pabiloian.

Ikaragarria. Handia. Polita. Historikoa. Jarri nahi duzuen adjektiboa, bere bizitza laburreko lorpen potoloena gauzatu baitzuen atzo Lagun Arok: Europako liga indartsueneko kanporaketak jokatzeko txartela lortu. Momentuz seigarren postua irabazi du, baina gora egiteko aukera izango du azken jardunaldian, Kanaria Handiari irabazten badio. Zortzigarren postuan zegoela ekin zion Sevillako partidari, eta garaipen premian, zortzi onenen artean tokitxoa nahi bazuen, eta lortu egin du.

Lerro horiek irakurri eta sinesten ez baduzue, begiak igurtzi eta berriro irakurri. Donostiako taldea 2-8 balantze kaskarrarekin zegoelako abendu hasieran, Gasteizen galdu ostean. Taldea jaiki egin zen gero, Sito Alonsoren motibazio lan bikaina lagun, eta sei hilabete geroago, Europan jokatzeko atea irekiko zaie gipuzkoarrei. Ez ahaztu, ligan inoiz lortutako bere postu onena 12. zela eta sei koska gorago bukatuko duela orain gutxienez. Balentria azken hilabeteetako unerik zailenetakoan lortu du, gainera, Sito Alonsoren taldeak. Fuenlabradan eta Bizkaiaren aurka galdu ostean, Sergi Vidalek orkatila bihurritu ostean. Fedez, buruz garaiezinak dira Lagun Aroko jokalariak, eta haiek garaitu nahi dituen taldeak lana egin beharko du beltz.

Oso estua eta defentsiboa izan zen Sevillako norgehiagoka. Bi taldeek portzentaje txarrak zituzten jaurtiketetan, baina egoera horretan hobeto moldatzen da Banca Civica, erasoko errebotean min handia egiten duelako. Asko, 21 hartu zituen partida guztian, eta euren jokalariek bigarren eta hirugarren aukerak izan zituzten sarri. Orduan ere, ordea, zailtasun asko topatu zituzten, Lagun Aroren defentsa bikaina izan zelako. David Doblas eta Peter Lorantena, batez ere, zenbaki onak lortu ez, baina funtsezkoak diren jokalari bi. Lorantek zortzi puntu sartu zituen une erabakigarrian, eta Doblasek luze gogoratzeko moduko bost defentsa bikain, jarraian, lehen zati bukaeran.

Erasoan bi ardatz izan zituen Donostiako taldeak: Javi Salgado eta Jimmy Baron. Santutxukoa eskas aritu zen hirukoetan, hamar aldiz jaurti eta bi bakarrik sartu, baina trukean puntu bateko bost jaurtiketa gauzatu eta lau asistentzia on eman zituen. Baron ere erabakigarria izan zen bigarren laurdenean. 10 puntu saskiratu zituen orduan, ia-ia errenkadan, eta lehen errentak eman bere taldeari (26-27 atsedenaldian).

Hirugarren laurdenean 10 puntuko zuloa ireki zuen Lagun Arok (28-38), baina Banca Civicak ere asko zeukan jokoan, eta 40-41 hurbildu zen Earl Callowayren jardunari esker. Azken hamar minutukoan Lagun Aro aurretik mantendu zen ia beti, 51-48koan izan ezik, eta partida hondarrean maisuki jokatu zuen. Salgadok Lorant elikatu zuen saskipean, eta Hungariakoak lau puntu erabakigarri sartu. Igandeko partida festa ezin hobea izateko falta zen osagaia da Sevillako garaipena. Etzi bosgarren postua bilatuko du Lagun Arok, baina lortu edo ez, zorionak merezi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.