RALLYAK

Bartzelona, hondarretan

Bihar Kataluniako hiriburuan hasiko da Dakar Rallya; karabanako 695 ibilgailuak han dira

jon ordonez garmendia
2004ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Mediterraneoa zeharkatu, eta basamortuko haizeak Bartzelona hartu du. Lehen aldiz, bihar, Kataluniako hiriburuan hasiko da Dakar Rallya. Aitzin etapa izango da biharkoa, Castelldefels-eko hondartzan jokatuko den sei kilometroko erlojupekoa. 695 izango dira, guztira, rallya hasiko duten taldeak. Astearteaz geroztik guztiak Montjuic mendian daude, ibilgailuei azken ukituak ematen.

Azkenean 165 dira autoak, 230 motoak, 70 kamioiak eta 230 laguntza ibilgailuak. Inoiz baino parte hartzaile gehiago egongo da. Gaur amaituko dira talde guztiek pasa beharreko kontrolak. Rallya hasi aurreko egunetako protagonista nagusia Nani Roma kataluniarra izan da. Aurten motoarekin irabazi du Dakarra, eta bihartik aurrera Mitsubishi autoarekin hartuko du parte. Berarekin batera, Stephane Peterhanselek bildu ditu begirada gehien. Sei rally irabazi zituen motoetan, eta aurten autoarekin izan zen garaile. Badu, beraz, Romak non begiratu. Aurkari gogorrenetako bat Colin McRae Munduko Rally Txapelketako gidaria izango du. Nissan etxearekin ariko da eskoziarra. Etxe berarekin ariko da Ari Vatanen finlandiarra. Juha Kakkunen finlandiarra ere, Volkswagen autoarekin, lasterketa irabazteko faboritoetako bat da. Motoetan lehia KTM Repsol eta KTM Gauloises taldeen artean dago.

GKEak, Dakarraren aurka

Kataluniako Gobernuz Kanpoko Erakundeak rallyaren aurka azaldu dira, 2004ko Kulturen Forum Unibertsalaren printzipioen aurka doalakoan. Lasterketak zeharkatzen dituen herrialdeak laguntzeko antolatzaileek ematen duen dirua 300.000 euro huskeria bat dela iritzi dute, «izen emateetan soilik zortzi milioi euro jasotzen dituztelako». Gainera, hedabideek Afrikari buruz dauden estereotipoak indartzen dituztela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.