Gipuzkoa Basketek denboraldiko laugarren porrota jasan du gaur, Bartzelonaren aurka. Ez ohiko partida izan da, eta markagailuak oso puntu gutxi jaso ditu (43-57). Hil berri den José Luis Abos CAI Zaragozako entrenatzaileari egindako omenaldi batekin hasi da norgehiagoka. Bi taldeek Abosek landutako bi jokaldi egin dituzte partidaren hasieran, haren omenez. Hortik aurrera, ordea, kostatu zaie partidan sartzea, eta 4-6 markagailu ez ohikoarekin bukatu da lehenengo laurdena.
Hortik aurrera, Kataluniako taldea izan da nagusi, eta bigarren laurdenean 6-22ko partziala eginez ia erabakita utzi du norgehiagoka. Azken txanpan Gipuzkoako Basketek puntu dexente gehitzea lortu badu ere, Bartzelonak hartutako tartea nahikoa izan da garaipenak Katalunia alderuntz ihes egiteko.