Denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta hori behar du Osasunak Bartzelonako astindua atzean uzteko. Gaur aukera izango du, Sevillaren aurka arituko baitira Jose Luis Mendilibarren jokalariak, Nafarroako Erresuman. Talde gorritxoa ohiko sistemara itzuliko da, Camp Noun bost erdilarirekin eta aurrelari batekin aritu ondoren. Gaur lau erdilari ariko dira hasieratik, eta bi aurrelari.
Ez du arerio erraza izango Osasunak, Sevilla izango baitu aurrean, lehen hiru jardunaldietan zazpi puntu lortu dituen taldea. Gainera, Marcelino Garciaren taldea sasoi onean dago, oraindik ez baitu galdu hasi berri den denboraldian. Gainera, aurkari zailak izan ditu lehen jardunaldietan, Malaga, Vila-Real eta Reala. Estatistikak alde dituen arren, Mendilibar ez da fidatzen. Azken hamar bisitetan garaipen bakarra lortu du Sevillak, 2009-2010eko denboraldian (0-2). Iragan sasoian 0-2 aurreratu zen, baina gorritxoek lortu zuten irabaztea (3-2).
Gaurko norgehiagokarako Mendilibarrek lau jokalari utzi ditu deialditik kanpo, lesionaturik daudelako: Asier Riesgo, Sergio Fernandez, Masud Shojaei eta Jon Etxaide. Javad Nekunam lesiotik irten berri den arren, ez da ziurra partida joka dezakeen, entrenatzaileak ez baitu irandarra jokatzeko moduan ikusten. Marcelinok, berriz, jokalari guztiak dauzka osaturik, eta deialditik kanpo Escude bakarrik utzi du. Haren ordez Alexis deitu du, joan den larunbatean deialditik kanpo geratu ondoren.
OSASUNA SEVILLA
Osasuna. Andres Fernandez; Marc Bertran, Roversio, Flaño,Raitala; Cejudo, Puñal, Lolo,Lamah; Nino eta Kike Sola.
Sevilla. Varas; Coke, Spahic, Alexis, Fernando Navarro; Navas, Medel, Trotxowski, Perotti; Kanute eta Negredo.
Epailea. Del Cerro Grande.
Tokia. Nafarroako Erresuma (19.800 ikusle).
Ordua. 20:00 (Gol TV eta Canal + Liga).
Bartzelonako astindua berehala ahazteko aukera du gaur Osasunak
Sevilla sasoiko dago, baina behin bakarrik irabazi du Iruñean azken hamar denboraldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu