Fotis Katsikarisek berak aitortu zuen herenegun: Atenasen ostegunean zer gertatu, horrek baldintzatuko zuela nabarmen gaurko partida, eta hala izango da. Bartzelona Lauko Finaletik at utzi du Panathinaikosek. Haren hirian jokatuko den final handitik kanpo, eta kolpe hori handia da. Dena zegoelako idatzita Xavi Pascualen taldeak Euroliga bigarrenez jarraian irabaz zezan. Ez da hala izango, eta ikusteko dago eragina handia izanen den edo ez. Normalean hala izan beharko luke, Lauko Finala eta Euroliga bera sasoiko helburu garrantzitsuena zelako Bartzelonarentzat. Gainera, ondo dute lotuta liga erregularreko lehen postua, eta Bilbo Basketek prestigio handiko partida bat irabazteko une aproposa da gaurkoa (18:00, Teledeporte).
Zaila delako jokalari batentzat jaiki eta ohikotasunera bueltatzea, jokoan ezer gutxi dagoenean. Bartzelonari ez dio onura aipagarririk ekarriko gaur irabazteak, eta Atenasen edukiko du burua. Hortik sendotzen da bizkaitarren hautagaitza. Indartsu hasi eta zaurituta dagoen Bartzelona are gehiago zigortzea, zalantza handitu eta balio handiko partida irabazteko.
Bestela ere gerta daiteke. Alegia, Bartzelonak lehenbailehen ahaztu nahi izatea Europako porrota, eta Bilbo Basketi luze gogoratzeko moduko astindu bat ematea. Hirugarren aukera bat ere bai. Bartzelonak distira handirik gabeko partida irabaztea. Horretarako gai direlako. Pausoan jokatu eta talde askori irabazteko gai dira, euren baliabide aberastasunari etekin handia aterata.
Euroligako ñabardurarik gabe pronostiko erraza zeukan partidak. Aukerarik ez zuena, orain badauka Bilbo Basketek, eta ahalegina egitea merezi, hirugarren posturaino igotzen saiatzeko. Laugarrena txarra ez, lehen kanporaketan etxeko faktorea alde edukitzeko. Zazpi partida falta dira liga erregularra bukatzeko, eta zortzi onenen artean sartzea ziurtatu behar du aurrena Bilboko taldeak. Bartzelonari gaur eta jarraian CAIri irabazteak ziurtatuko luke hori.
Bartzelonan irabazteko aukera ona du Bilbo Basketek
Lauko Finaletik kanpo geratu dira kataluniarrak, eta ikusteko dago horrek kalte handia egiten dien edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu