Basamortuko karabanak, bidea aurrean

Dakarrak, 2005ean, bidaldia egiteko gaitasuna eta oztopoak gainditzeko trebezia sarituko ditu

jon ordonez garmendia
2004ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Motzagoa, baina zailagoa. Atzo aurkeztu zuten 2005eko Dakar Rallyaren ibilbidea, Parisen, eta antolatzaileek abentura kutsu nabariagoa eman nahi izan diote 27. lasterketari. Katalunian hasi eta Senegalen amaituko da. Antolatzaileek, ordea, Dakarra ez dela abiadura lasterketa bat garbi utzi nahi izan dute; bidaldia egiteko gaitasuna, eta oztopoak gaintzeko trebezia sarituko dira 2005ean. Guztira 8.956 kilometrok osatuko dute Bartzelonatik Dakarrerako bidea, eta horietatik 5.431 izango dira erlojupekoak.

230 motok, 165 autok eta 70 kamioik parte hartuko dute, Ettiene Lavigne lasterketaren zuzendariaren hitzetan, «errekor berria». Parte-hartzaile berrien kopurua ere inoiz baino handiagoa da. Motoen zerrenda abuztuan itxi zen, eta segurtasun arrazoiengatik urriaren 15ean beste bi zerrendak ere itxi ziren. Parte-hartzaileei laguntzeko 230 ibilgailuk osatuko dute basamortuko karabana. Abenduaren 31rako prest izango dira guztiak Bartzelonan. Segurtasuna da, beste urte batzuetan bezala, antolatzaileen lehentasunetako bat bai gidariena, eta bai ibilbideak zeharkatzen dituen herrietako biztanleena. Rallya irteten den egunean parte-hartzaile guztiek Richard Sainct izango dute gogoan. 1999, 2000 eta 2003ko Dakarreko irabazlea istripu batean hil zen irailaren 29an, Faraoien Rallyan, Egipton.Segurtasunagatik, antolatzaileek ez diete gidariei gehienezko abiadura kilometro batean ere gainditzen utziko. Basamortuan kamioiek goitik 150 km/h muga izango dute, eta ibilgailu guztiek, karabanak igarotzen dituen herrietan, ezingo dute 50 km/h-ko abiadura gainditu. Egiten duenari atzerapen zigorra ezarriko zaio eta isun ekonomikoa ordaindu beharko du. Muga laugarren aldiz gainditzen duena lasterketatik kanpo geratuko da.Gidariak euren kasa moldatzea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako GPS guneak murriztu dituzte, eta laguntzarako autoen ibilbidea ere bai. Gainera, GPSrik gabeko bi etapa egongo dira: Zouerat eta Atar artekoa (538 km), eta Kifa eta Bamako artekoa (819 km).

Mitsubishik, bost auto

Atzoko aurkezpenarekin batera aurkeztu zuen Mitsubishik Dakar Rallyan autoetan izango duen taldea. Bost auto ofizial aterako ditu, eta horien buruan Stephane Peterhansel izango da, aurtengo autoetako garailea. Beste autoetako bat Joan Roma kataluniarrak gidatuko du. Aurten motoetan lortu du garaipena, eta ibilgailuz aldatuta Dakarrera iristea du helburu. Bartzelonak irteera beroa eskainiko dio, seguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.