Egoera zaila da. Gaiztoa ere bai; zergatik ukatu. Prokomen aurkako porrotak eragindako kritika oldearen oihartzunak bere horretan dirau, eta Cajasolen aurkako partida bigarren maila batean geratu da. Ligakoa beste partida bat delako, eta Euroligako hurrengoa, erabakigarria. Presiopean jokatzen ohitua dago Baskonia, baina otsailetik aurrera. Abenduko presak kudeatzen eskarmenturik ez du, eta Sevillan lidertza defendatzeko erronka aukera edo oztopo izango den da eztabaida.
Aukera, behingoagatik talde jokoa egin eta arabarrengan hain ohikoa den nortasuna berreskuratzeko baliagarria izan daitekeelako neurketa. Azken finean, lidergoa dago jokoan, eta hori motibazio nahikoa da jokalarientzat. Partida arriskutsua ere bada, Sevillan asteazkenean Gasteizen egindako huts berak errepikatzen badira, giro ezkorra are gehiago puztuko delako Euroligako dema erabakigarriari begira.
Zaila da Sevillan zer gerta daitekeen asmatzea, baina gauza on-onik ez agian. Hautsita dago taldea, eta konpromiso falta eta antzeko hitzak entzun dira azken egunetan. Jokalariak ez dira ergelak, eta badakite kritikak norentzat diren. Kontua da partida bakarrean egoera ez dela zeharo irauliko, baina Baskoniak ez daukala denbora gehiago. Taldea behar du, konpromisoa behar du, nortasuna; eta, bihar ez bada, hurrengo ostegunerako. Hala ez bada, negu gorriak luze iraungo du Gasteiz aldean.
Cajasolen aurkako atarikoan Mirza Teletovic irten zen kazetarien aurrera aurpegia ematera. Ivanovicek asteazkenean airean utzi zituen mezuek beldurtu egin dute Baskoniako agintariren bat, eta ez zuen hitz egin. Teletovicek taldearen intentsitate falta aitortu zuen: «Ez badugu daukagun guztia ematen, jai dugu». Pozoindutako mezua bidali taldekideei: «Jokalari berri batzuentzat ez da erraza Baskonia zer den; balioak ulertzea, konpromisoa».
Cajasolek, bitartean, bestelako beldurrak ditu. Galtzen badute Kopatik at gera daitezkeela, adibidez.
Baskoniaren buruko indarra nola indartu, Sevillan auzitan
Cajasolen aurka ariko da, Khimkiren aurkako lehia gaiztoak ekarri duen presiotik ihes egin ezinik (12:30, ETB 1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu