Bihar Veronan, itzuliko azken etapako 15 kilometroko erlojupekoan, ezuste handi-handirik ez bada gertatzen, Ivan Bassok (Liquigas) irabaziko du 93. Italiako Giroa. Izan ere, 1.15 kentzen dio bigarren sailkatuari -David Arroyori-, 2.56 hirugarrenari -Vincenzo Nibali taldekideari-, 2.57 Michele Scarponi laugarrenari, ia lau Cadel Evans bosgarrenari. Asko da.
Gaur zuten beste txirrindulariek Bassok estutasunean jartzeko aukera -Bormio-Tonale, 178 kilometro-, hirugarren mailako hiru mendate zituztelako -tartean, Gavia-, baina etapa lasai samarra izan da, ez da eraso garrantzitsurik izan.
Aleksandr Vinokurov baino ez da saiatu serio eta atzetik, baina Bassok sailkapen nagusian 6.22ra zeukan, eta Liquigas taldeak nahikoa izan du ihesa pixka bat kontrolatzea. Helmugarako hiru kilometroko falta zirela, Tonale mendatean, Evansek jo du, baina berandu zen.
Johann Tschopp-ek irabazi du etapa, ihesaldi luze bat probestuz. Evans heldu da bigarren, 16 segundora. Hirugarren Basso -24ra-, laugarren Scarponi -24ra-. Arroyo 41era sartu da, Nibali 42ra.
2006an Bassok berak (Italia, 1977) irabazi zuen Giroa -hiru etapa ere bai-. 2007an eta 2008an zigortu egin zuten dopin kasu bategatik. Iaz Trentinoko Giroa baizik ez zuen eskuratu, eta aurten, orain arte, Italiako itzuliko etapa bat. Bihar Giroa eskuratzeko aukera izango du.
Ondo ibiltzen da hura itzuli handietan: 2005ean bigarren bukatu zuen Frantziako Tourrean, iaz bosgarren izan zen Giroan eta laugarren Espainiako Vueltan.
txirrindularitza
Bassok eskura dauka Giroa
Gaurko mendiko etapan ez du arazorik izan. Tschopp-ek irabazi du. Bihar amaituko da Italiako itzulia, 15 kilometroko erlojupekoarekin. Liderrak 1.15 kentzen dio Arroyo bigarrenari, 2.56 Nibaliri, 2.57 Scarponiri, ia lau Evansi. 2006an Bassok berak lortu zuen Giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu