Frantziako Tourra

Bassok irabazi du La Mongien eta Armstrong bigarren sartu da

Gaurko etapan, azkeneko 35 kilometroak gogorrak izan dira oso. Ondorioz, tropela zatitu egin da. Azkenean, CSC taldeko Ivan Bassok irabazi du etapa, eta haren ondotik Lance Armstrong sartu da, gainontzeko aurkariei denbora atereaz. Euskaltel-Euskadiko Iban Mayo minutu bat eta bi segundora sartu da. Laranja kolorea izan da nagusi La Mongieko aldapetan, hara joandako euskal zaleei esker

2004ko uztailaren 16a
19:03
Entzun
Tourreko 12. etapa lasai hasi da, baina azkeneko 35 kilometroak oso gogorrak izan dira. Tropela askotan zatitu eta hainbat multzo osatu dira. Tropelaren buruan, Lance Armstrong eta Iban Mayo sartu dira. Ihes egindako guztiak harrapatu ditu tropelak La Mongieko igoeran. Tropel barruan eraso batzuk izan dira, ez asko, baina helburua lortu dueneraso bakarra Lance Armstrong eta Iban Bassok jotakoa izan da.

Ihes egin eta, azkenean, helmugan Basso sartu da lehena eta Armstrong bigarrena. Haien atzetik, tropela sartu da, zertxobait banaturik. Iban Mayori minutu bat eta bi segundo kendu diote Bassok eta Armstrongek. Thomas Voeckler liderra hiru minutu eta 59 segundora sartu da. Armstrongek indartsu dagoela erakutsi du, seigarren urtez Tourra irabazteko bidean. Jan Ullrich, Tyler Hamilton eta Roberto Heras, besteak beste, Armstrongek erasoa jo aurretik atzean geratu dira.

Hala ere, Thomas Voecklerrek lider segitzen du. Sailkapen nagusian aldaketa garrantzitsu bat izan da, ordea: orain Armstrong bigarren dago, Voecklerrengandik bost minutu eta 24 segundora.

Euskaldunek La Mongie hartu dute

Uholde laranjak La Mongie berdea tindatu du, Pirinioetako lehenengo etapara joan diren euskaltzaleei esker. Festa giroa izan da nagusi La Mongieko aldapetan goiz goizetik; izan ere, ESAITek antolatutako IV. Bizikleta Igoera 10:00etan hasi baita. Jai giroan igo da euskal selekzioaren aldeko tropela La Mongiera. ESAITekoek azaldu dutenez, gaur marka guztiak hautsi dituzte, ehundik gora txirrindularik hartu baitute parte.

Arratsalderako, txirrindulari profesionalen tartea iritsita, ehunka pertsonak errepide bazterrak hartu dituzte, Euskaltel-Euskadiko elastiko laranja soinean. Jaiak ez ezik, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapenak bere txokoa izan du, ESAITek antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.