Dagoeneko badakizue etaparen bat irabaztea dela nire asmoa. Ni bezala, ordea, beste asko daude, eta asko horietako bat Ivan Basso baldin bada, ba asmoak asmo. Goizean, etapa hasi aurretik topatu naiz Bassorekin eta etapa irabazi nahi zuela esan dit, ondo zegoela. Niretzat pentsatu dut, harek etapa nahi bazuen, CSCk ihesaldiak estu kontrolatuko zituela eta jai izango genuela.
Pentsatu eta gertatu. Mendate bat zegoen etapa hasieran eta egurrean gindoazen denak. Tropel buruan, ordea, CSCkoak, ihesaldi ahalegin guztiak ahalik eta gehien oztopatzen. Han zer zegoen ikusi eta amore eman dut, jakina baitzen ihesaldia eginda ere ez zutela arrakastarik edukiko. Lortu dutenek lau minutuko aldea izan dute, gehienez, eta erraz irentsi dituzte.Asko poztu naiz Bassoren garaipenarekin. Mutil zintzoa da eta aspaldi esan nuen Giroa berak irabaziko zuela. Osasun arazoak izan ditu, eta horregatik egin dio ihes itzuliak, baina gaur, Limone Piemonten, mendian gora bera baino azkarrago inor ez dela igotzen erakutsi du. Simoni bera baino azkarrago igo da.Nagusiari dagokionez, azken mendatea ez zen diferentziak egiteko modukoa, baina jendea nahiko justu doa eta Di Lucarena da adibide onena. Ikusiko dugu Finestreko etapan zer gertatzen den, baina erne lehertzen ez bada.Gaurko erlojupekoari begira, ezustekoa eman dezakeen txirrindulari bat aipatuko nuke: Jose Rujano. Bete-betean dago eta jendea ez dakit zenbat minutu galduko dituela esan eta esan ari da. Erne! Lehen erlojupekoan hiru minutu galdu zituen Garaterekiko eta bizikleta hirutan aldatu omen zuen. Supergan bera igoko da azkarren eta ez du hainbeste denbora galduko. Nire ustez, podiumera igoko da eta Garatek aurkari zaila izango du. Etapa Basso edo Savoldelliren artean egongo da.
ARROSAREN ATZETIK
Bassorekin hitz egin du, eta jai hartu
Bassorekin hitz egin dut, eta jai hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu