Gizonezkoen Espainiako belar hockeyko selekzioak bana egin du Australiaren kontra, eta, modu horretan, final-laurdenetarako txartela lortu du. Jose Maria Basterra Chefo aurrelari bizkaitarra deialditik kanpo utzi du hautatzaileak. Partida amaitzeko 48 segundo falta zirenean sartu du Quemadak berdinketaren gola, penalti korner batean. Australia final-laurdenetarako sailkatuta heldu da lehiaketara. Oraindik ez dago zehaztuta Espainiak noren kontra jokatuko dituen final-laurdenak. Igandean izango dira kanporaketak.
Basterra ez da gehiegi jokatzen ari Olinpiar Jokoetan. Espainiako selekzioak bost lehia izan ditu ligaxkan, eta horietako hirutan deialditik kanpo gelditu da Club de Campo taldeko getxoztarra. Jokatu zuen debutekoan Argentinaren kontra (1-1), baita Japoniaren aurkako garaipenean ere (1-4).