Txirrindularitza. Taldeen bat egiteak

Bat gehi bat, bat

Datorren denboraldirako elkartzen ari dira hainbat txirrindulari talde, RadioShack eta Leopard, eta Omega Pharma Lotto eta Quick Step tartean. Talde erraldoi horien eta talderik apalenen artean zulo handiegia sortuko ote den beldur dira zuzendariak.

unai zubeldia
Donostia
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Globalizazio garai hauetan, ez da erraza gure filosofiari eutsita lehen mailan egotea. Orain arte gai izan gara lasterketarik onenetan bikain aritzeko. Baina urte batzuk barru asko sufri genezake. Pausoak eman behar ditugu». Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko managerraren hausnarketa kritikoa da hori —gerora jakinarazi zuen 2012an ez duela karguan jarraituko—. «1 Formularen antzeko egitura bat edukitzea da UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren helburua, 14-15 talde indartsu soilik edukitzea».

Bat gehi bat, bi. Horrela sartzen dira neska-mutiko gehienak matematikaren munduan. Baina matematika kontuak hankaz gora jartzen ari da txirrindularitza. RadioShack gehi Leopard, RadioShack Nissan-Trek. Bat gehi bat, bat. Horrelakoa da gaur egungo txirrindularitza. Bi talde handi horiek proiektuak bateratu, eta are talde indartsuagoa sortzea erabaki dute datorren sasoirako. Bide bera hartu dute Omega Pharma Lottok eta Quick Stepek ere, Omega-Quick Step sortuta. Eta bat gehi bat, bat egitura horretan parte hartzeko bidean dira Saxo Bank eta Astana ere. Aurretik indarrak batuta daude Garmin eta Cervelo taldeak.

Bingen Fernandez da Garmin-Cerveloko zuzendarietako bat. Euren bat egitea «desberdina» izan zela adierazi du bermeotarrak. «Cervelo ez zen ProTourreko taldea, diru arazo handiak zeuzkan goi mailan jarraitzeko, eta horregatik elkartu zen gurekin. Baina zazpi txirrindulari eta bizikletak besterik ez zituzten ekarri». RadioShack eta Leoparden bat egitea «nabarmen handiagoa» izango dela uste du Fernandezek. «Leopardek talde handietan handiena sortu nahi du, eta horretarako deitu diote Johan Bruyneeli. Horrelakoak dira oraingo business kontuak, negozioak. Denek izan nahi dute gero eta handiagoak. Txirrindularitzan ere bai. Gero eta talde handiagoek enpresa txikiak jaten dituzte. Talde txikia badaukazu, ez daukazu zereginik». Bi talde horiek elkartzeak «munduko talderik onena izatea» esan nahi du, Gonzalez de Galdeanoren ustez. «Contador taldean izango ez duten arren».

Josean Fernandez Matxin Geoxeko zuzendariak «balekotzat» eman ditu taldeen bat egite horiek. «Batetik, txirrindularitza indartu egingo delako, eta, bestetik, diru gehiago erakarriko duelako. Soldatak igo egingo dira ziurrenik, talde bakoitzaren maila ere altuagoa izango da...». Bat egitearen alderik ederrena da hori. «Egia da lanpostu batzuk galdu egingo direla, talde batzuk desagertu egingo direla, baina aurrerapauso guztiak dira onak txirrindularitzarentzat». Harrigarria da talde apal bateko zuzendaria talde handien bat egitearen alde egotea. «Baina nolabaiteko kontrol lana eginda, egokia izan daiteke pausoa. Arau batzuk jarri behar dira txirrindularitzan, denok baldintza berberetan lehiatzeko».

Talde apalenei asko kostatzen zaie orain garaipenak pilatzea, eta etorkizunean ez da askoz lan samurragoa izango. «Gerta daiteke talde erraldoi horiek dena edo gehiena irabaztea. BMC, Sky, RadioShack Nissan-Trek, Omega-Quick Step... Oso talde indartsuak sortzen ari dira. Txirrindularitza globalizatzen ari da, eta horrek esan nahi du mundu osoko lasterketetan parte hartu beharko dela, ez hemen ingurukoetan bakarrik». Dirua esan nahi du horrek. Talde apalek ez daukaten diru hori. Ahalegina eskatu du Euskaltel-Euskadiko managerrak. «Aurrekontu handiagoa behar dugu, txirrindulari eta laguntzaile gehiago... Taldea asko hazi da Miguel Madariagari eta Fundazioari esker, baina egitura profesionalago bat behar dugu». Fernandez ere iritzi berekoa da. «Talderik apalenak estu ibiliko dira babesleak lortzeko, soldatak ordaintzeko, lasterketetara joateko... Lehen Tourrera joateko soilik izaten ziren arazoak, gonbidapen gutxi egoten zirelako, baina orain maila apalagoko probetara joateko ere lanak izango dituzte batzuek».

Matxinen hitzetan, gauza batek huts egiten du gaur egungo txirrindularitzan: «Proiektuen iraupenik ezak. UCIk zerbait egin beharra dauka babesleentzat erakargarri izan dadin, eta babesle horiek urte bakarrerako proiektuak soilik sinatu ez ditzaten». Leoparden gisako proiektuekin da erabat kritikoa Geoxeko zuzendaria. «Penagarria eta lotsagarria da aurretik pedalkada bakar bat ere eman gabe aurten talde bat, bat-batean, munduko onena izatea, eta urte hortan bertan desagertzea. Txirrindularitzan ezin da egon horrelako segurtasun faltarik». Bizkaitarrak ez du kritikatu taldeen bat egitea. «Baina ez dadila izan urte bakarrerako edo birako proiektua. Iraunkortasuna dagoen bitartean, erakargarriak izango dira proiektu horiek».

Baikortasunari eusteko ondorio polita atera du Matxinek: «Sky taldeak, adibidez, diru askorekin ekin zion denboraldiari, bizikletak, autobusak eta dena aldatuta. Baina Vuelta guk irabazi dugu aurten». Diru kontuen gainetik, «ondo garatutako proiektu txikiekin» emaitzak lor daitezkeela erakusten ari dira, Matxinen ustez. «Diru asko eduki arren, errepidean erakutsi behar da kalitatea. Harrobiarengan konfiantza edukita eta lan ona eginda, emaitzak lortzen dira, eta Juanjo Coborena da adibiderik argiena».

Aurrerantzean arriskuan egon ote daiteke talde apalagoen eta txirrindularitzaren beraren iraupena? «Bai, arriskuan egon daiteke», baieztatu du Gonzalez de Galdeanok. «Nik inoiz ez dut esan hamabost milioi euroko aurrekontua behar dugunik, baina azken sei urteotan aurrekontu berberarekin gabiltza —6,5 milioi euro—. Azkar mugitzen ez bagara, zaila izango da hurrengo urteetan lehen mailan egotea». Talde askorengandik urrun dago Euskaltel-Euskadi, Garmin-Cervelo bezala. «Zortzi milioi euro inguruko aurrekontua daukagu».

Futboleko arazo berbera?

Gorago dabiltza Astana (15 milioi euro inguru), Sky, Leopard (12 milioi eurotik gora), BMC (11 milioi eurotik gora)... Futbolean, Espainiako Ligan, Real Madril eta Bartzelonarekin gertatzen dena gerta ote daiteke txirrindularitzan ere? «Ez dut uste Evans eta Contador, adibidez, talde berean elkartuko direnik. Oilar bi ez dira sartzen oilategi berean». «Globalizazio garaian, lehen mailan hogei bat taldek hamabost milioi euroko aurrekontua izatea zoragarria» litzateke, Garmin-Cerveloko zuzendariarentzat. «Baina ezinezkoa da hori. Zer gertatuko da zortzi bat talde handi bakarrik geratzen badira? Geoxen moduko talde bat etorriko da ProTourrera bost milioi euroko aurrekontuarekin?». 2012 denboraldia hasiko da airean geratu diren galdera guztiak erantzuten. Baina zalantzak eta ezinegona nabari dira zuzendarien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.