Bata eustera, bestea haustera

Olaizola II.ak eta Gonzalezek kaiolako txapelketako final-laurdenetako partida jokatuko dute gaur, Iruñeko Labriten. Banaka sei aldiz jokatu dute elkarren aurka profesional mailan, eta beti goizuetarra nagusitu izan da.

Gonzalez pilota astintzen, Olaizola II.a begira duela, aurtengo binakako partida batean, Iruñean. J. MANTEROLA / A. PRESS.
jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Jakinduria eta indarra. Irmotasuna eta bizitasuna. Eskuin sendoa eta ezker bizia. Alegia, Olaizola II.a eta Gonzalez. Ezaugarri oso desberdineko bi pilotarik neurtuko dituzte indarrak gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan, lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako kanporaketan (18:00, Nitro). Estatistikak goizuetarraren alde daude. Profesional mailan sei aldiz jokatu dute elkarren kontra kaiolan zein buruz buru, eta beti Asegarcekoaren dohainak nagusitu izan dira. Neurria ongi hartua dio Aspekoari, eta gaur ere bere alde irtengo da dirua hasieratik (100-60). Zenbakiak, baina, hausteko egoten dira, eta horretan saiatuko da Gonzalez; Olaizola, aldiz, eusten.

Orain zortzi urte izan zuten lehenbiziko aldiz elkarren berri, 2003ko buruz buruko txapelketan, hain zuzen ere. Final-zortzirenetan aritu ziren aurrez aurre, eta Olaizola II.ak eroso hartu zuen mendean Gonzalez (22-5). 2005etik 2007ra bitartean, berriz, finalerdietako kanporaketetan lehiatu ziren, eta 22-6, 22-13 eta 22-15 irabazi zuen Goizuetakoak, hurrenez hurren. Kaiolan bi aldiz besterik ez dira aritu nor baino nor gehiago, 2004an eta 2006an, eta Azkainekoak ez zuen behin ere lortu hamar tanto baino gehiago egitea (22-6 eta 22-8).

Lau urte igaro dira, ordea, banaka azken aldiz lehiatu zirenetik, eta kontuak aldatu diren esperantzan kantxaratuko da ezker ausarta: «Ez nago sasoirik onenean, baina irabazteko aukera badudala pentsatzen dut. Nire jokoa egiten asmatzen badut, finalerdietan sartuko naiz». Lehenengo aukeran tantoa amaitzen ahaleginduko da, aurkariari ezertarako betarik eman gabe: «Aimarrek ez du barkatzen; beraz, komeni zait partida motza egitea. Udan izandako lesiotik erabat osatuta nago, baina erritmo falta igartzen dut». Ezker eskuko kailuak buruhauste ugari eman dizkio azken hiru hilabeteetan, eta ez dio utzi lau t'erdikora nahi bezain ongi prestatuta heltzen.

Azkainekoaren helburua garbia da: «Lehen koska igarotzea besterik ez daukat buruan, baina hori lortuko banu badakit txapela irabazteko aukera ere izango nukeela». Ez litzaioke arrotza gertatuko hori, 2009. urtean jantzi baitzuen kaiolako txapel preziatua. Orduko sasoi puntutik urrun badago ere, beste bizpahiru astean lortuko lukeela uste du. Horretarako, gaur irabazi beharra dauka.

Aimar, bosgarrenaren bila

Olaizola II.a da gaur egun distantzia motzeko maisu. Lau txapel ditu, eta bosgarrena lortuko balu, Retegi II.aren marka hobetuko luke. Lesio baten ondorioz, iaz ezin izan zuen parte hartu, eta aurten lan ona egin nahi du: «Aurkari oso arriskutsua daukat, eta taktika aldetik ongi jokatzea garrantzitsua izango da». Pilota eskuineko marratik hurbil ibiltzen saiatuko da. Jokoan finalerdietarako txartela dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.