Batasuna eta jokoa, biak

Athleticek ligako estreinako partida jokatuko du gaur San Mamesen, Espanyolen kontra

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Futbolean gauza gutxi geratzen dira asmatzeko. Asmatu beharreko ia guztia asmatuta dago. Arlo teknikoan eta taktikoan nobedade gutxi egoten dira denboraldi batetik bestera. Talde guztiek lan dinamika beretsua dute. Kirolari profesional guztiek behar-beharrezkoa dute atsedena, eta atsedena hartzeko baliatzen dute uda hasiera. Lauzpabost aste izaten dituzte teknikariek eta jokalariek futbola alde batera lagatzeko. Jan-edanean ez deskuidatzea da protagonista nagusiek opor sasoirako izaten duten agindu bakarra. Atsedena hartu ostean, denboraldiari aurre egiteko prestaketa hasten da. Lan fisiko gogorrak eta lagunartekoek osatzen dute lehiaketa ofizialaren atariko lana. Sasoia hasi aurretik egiten den ariketa fisikoa ezinbestekoa omen da bederatzi edo hamar hilabete irauten dituen txapelketari aurre egiteko. Denboraldian zehar, sasoiari eustea izaten baita xede nagusia. Lagunartekoak, berriz, talde guztiek izaten dituzten okerrak zuzentzeko baliatzen dituzte entrenatzaileek. Athleticek ez du horren garrantzitsua den lana egiteko aukerarik izan. Izan ere, uztailaren amaieran jokatu zuen lehen partida ofiziala. Gainera, abuztuan, beste bost jokatu ditu, eta, hila amaitu aurretik, Ligako lehen jardunaldiari egin beharko dio aurre. Neurketa asko eta garrantzitsuak guztiak ere.

Beraz, ikusi egin beharko da zein eragin duen Joaquin Caparrosek entrenatutako taldeak egin behar izan duen denboraldi-aurreak, eta, gero, sasoian guztian, nola ibiliko den. Athleticek behar-beharrezkoa baitu fisikoki indartsu eta sendo egotea erregulartasunaren lehiaketan ondo ibiltzeko. Ikusitakoa ikusi ondoren, lagunarteko gehiago jokatzea ere eskertuko luke zelaian erakusten dituen gabezia guztietatik batzuk konpontzeko.

Athleticen denboraldi hasiera berezia izan da. Ez du zerikusirik izan joan den sasoian egindakoarekin, baina lehen jardunaldiaren ondorengo giroa joan den denboraldikoaren oso antzekoa izan daiteke. Talde apala zirudien Almeria aritu zen San Mamesen. Negredok eta enparauek erraz hartu zuten mendean Athletic. Azken emaitzagatik, batetik, eta, emandako itxuragatik, bestetik, oso kritikatua izan zen Caparros.

Ez zen, ez, hasiera ona izan. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den gaurko partidan, baina teknikari espainiarraren lanarekin haserre daude zaleak. Caparrosek hirugarren denboraldia beteko du talde zuri-gorrian. Eta entrenatzaile eta egitasmo guztiekin gertatzen den legez denborak euren kontra egin du. Futbolean aspertu egiten du luzaroan aurpegi berberak ikustea. Baina ezin da ukatu zaleek badutela haserre eta kezkatuta egoteko arrazoi bat baino gehiago. Athleticek ez baitu joko ona egiten. Ez du talde itxura eta sendotasuna agertzen. Defentsan huts asko egiten ditu. Neurketa bakoitzeko dozena erdi gutxienez. Eta hori asko da. Larregi. Caparros konturatu da nola dagoen ingurua, eta batasuna eskatzeko baliatu zuen atzoko prentsako agerraldia. «Inguruan ez dut alaitasunik ikusten. Ez dut ulertzen. Badakit ez dugula joko ona egin, baina ez daramatzagu bost hilabete lehiatzen. Denboraldia gogorra izango da, eta ezinbestekoa da guztiok batuta egotea».

Athleticek nahikoa burukomin du bere okerrak zuzentzen, baina aurkariari ere erreparatu beharko dio irabazi nahi badu. Espanyolentzat, oso sasoi berezia hasiko da asteburu honetan. Cornellan egin duten zelai berrian jokatuko duen lehen denboraldia izango da. Sasoi hasiera ona izateko eta joan den denboraldiko estutasunak alde batera lagatzeko, taldea indartzea erabaki dute kataluniarrek. Entrenatzaile, berriz, Mauricio Pochettinok jarraitzen du. Eta, udan fitxatutakoen artean, Shunsuke Nakamura japoniarrak izan du oihartzun gehien. Baina fitxatutakoak bigarren mailan geratu dira Daniel Jarque kapitainaren heriotza dela eta. Ikusi egin beharko da gisa horretako kolpe batek zein eragin duen taldean. Sevillari antzeko zerbait gertatu zitzaion orain bi denboraldi Antonio Puerta hil zenean, eta, egia esan, Andaluziako taldeari bere kostatu zitzaion burua altxatzea, sasoiaren amaieran UEFA Kopara pasatu zen arren.

Ustaritz, Ocioren ordez

Eta Espanyol mendean hartzeko, azken hilabetean Europan lehiatu den taldearen aldeko apustua egingo du, ziurrenik, teknikari zuri-gorriak. Ustaritzek jokatuko du, eta hori berritasun apurretako bat da hamaikakoari begira. Ocio min hartuta dagoelako jokatuko du erdiko atzelari abadiñarrak. Caparrosek ez du sartu Mikel San Jose ere; defentsa indartzeko fitxatutako azken jokalaria da San Jose -Liverpooletik etorri da-. Bitxia da benetan. Era berean, baliteke Tromsoren kontra jokatu zuen beste jokalariren batek ere atseden hartzea. Bestalde, David Lopez eta Igor Gabilondo deialdira itzuli dira; gipuzkoarra, gainera, hasieratik arituko da, akaso. Ocioren eta Etxeberriaren partez sartu dira deialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.