Baten poza, bestearen patxada

Buttonek ez du inolako aukerarik titulurako lehian, baina euripean maisua da, eta hargatik irabazi du Hungarian

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Maisua da Jenson Button lasterketa nahasietan. Haren azken lau garaipenak ikusi behar dira soilik lasterketa konplexuak nola irakurtzen dituen jabetzeko. Hamiltonek gaizki egin zuena Buttonek ezin hobeto baliatu zuen. Eta oro har esan daiteke batek falta duena besteak daukala, eta alderantziz. Horregatik McLarenek oso gidari bikote orekatua du. Lasterketa garailea izan zen Button, baina txapelketarako aurrerapauso galanta eman zuena Vettel izan zen.

Urte hasierako lasterketetako lider itxura eman gabe, aurkari guztiei tartea sartu zien. Vettelen kasuan, igarotzen den lasterketa bakoitza bere mesedetan doa. Orain arte eraiki duen puntu abantailarekin ez du irabazten jarraitu beharrik, aldeari eustea edo piskanaka galtzea ere aski baitu. Hungarian, hori bakarrik ez, bere aurkari zuzenei puntu gehiago sartu zizkien. Gainontzekoak dira aukera galdu dutenak, jazarpen proba jokatzen ari direlako. Gero eta kilometro gutxiago falta dituzte Vettel harrapatzeko, eta azken sari nagusian urrundu egin zaie. Lehengoa gutxi izan ez, eta orain urrunago dute. Vettelek lasai har ditzake oporrak.

Hiru lasterketa daramatza iazko irabazleak irabazi gabe. Bere horretan ez da kezkagarria, beti lortu duelako puntuekin amaitzea. Ez hori bakarrik, Alemaniakoa kenduta, beti amaitu baitu lehen bien artean. Baina Vettel garailea da, peto-petoa gainera. Horregatik, ez du gustuko bigarren amaitzea, ez da eroso sentitzen, bere grina irabaztea delako.

Herenegun, lasterketa ondoren mintzatu zenean, irabazi ez izanak penatzen zuela argi atzeman zitekeen, uneoro errepikatzen baitzuen garaipena ez zela ezinezkoa. Seguruenik orain beste modu batera ikusiko du, eta zein operazio baliotsua egin zuen eskertu. Chris Horner nagusiak zioen bezala, halako egoera zail batetik aurkariekiko aldea haundituta irtetea asko baloratu behar da.

Aurkari nagusi horien artean ez dago Jenson Button. Aurreko bi lasterketetan ez zuen punturik lortu, eta Kanadan irabazi zuenetik oso emaitza apalak izan ditu. Titulurako lehiatik aspaldi erori zen, eta hemendik aurrera Hamiltonen laguntzaile izan behar luke. Igandean ez zuen rol hori jokatu, ordea, bien artean bizpahiru itzulitan norgehiagoka sutsua izan baitzen. Hamilton gidari azkarragoa da, baina Buttonek beste ezaugarri batzuk ditu: pneumatikoak oso ondo zaintzen ditu, gidaketa leuna duelako, eta pistaren egoera beste inork ez bezala sentitzen du.

Iaz Australian eta Txinan irabazi zuen, euria etengabe egin zuen bi lasterketatan, hain zuzen ere. Eta, aurten ere berdin, Kanadan eta Hungarian pistaren egoerara egokituz. Ez du batere samurra izango bigarren titulua lortzea, baina horrelakoetan erakustaldia ematen du. Belgikan itzuliko da munduko txapelketa, abuztuaren 28an. Bitartean, lantegiak bi astez itxita egongo dira, araudiak hala baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.