Osasunak eta Realak denboraldiko azkeneko derbia jokatuko dute gaur, Nafarroako Erresuman. Aurreko sasoiarekin alderatuta, ez bata, ez bestea ez daude kinka larrian. Biak ala biak lasai daude, denboraldi honetarako helburua bete baitute: mailari eustea. Gorritxoek aspaldi ziurtatu zuten gutxienez beste urtebetez onenekin aritzea. Txuri-urdinek gehiago itxaron behar izan dute horretarako, baina duela astebete egin zituzten etxeko lanak, Racingi Anoetan irabazita eta matematikoki mailari eutsita.
Gaurko neurketari begira, Osasunak du gehien jokoan. Asko, gainera, Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldea bete-betean baitago sartuta Europako Ligarako sailkatzeko lehian. Gaur-gaurkoz, Osasuna bederatzigarren da sailkapenean, 48 punturekin. Bi puntura du Atletico Madril, Europako Ligara sartzeko aukera ematen duten bi postuetako azkenean. Hain zuzen ere, seigarren postu hori dute jomugan nafarrek, bosgarren postua nahiko urruti baitago: Levantek 52 puntu ditu, Osasunak baino lau gehiago. Ez da erronka samurra, baina gorritxoak ez daude prest amore emateko. Gainera, egutegia alde dute: Realaren eta Racingen aurka jokatuko dute; hau da, jokoan ezer ez duten bi talderen aurka. Hori bai: dena ez da arrosa kolorekoa. Batetik, bi partidak irabazi egin behar ditu, eta, egun, Osasuna ez dago garai gozoan: bi puntu bakarrik lortu ditu azken lau partidetan. Bestetik, bi partidak irabazita ere, aukerarik gabe gera daiteke; alegia, aurkariek huts egitea ere behar duela. Eta aurkariak asko dira, seigarren postutik hamalaugarrenera sei puntu baitaude.
Mendilibarrek, hala ere, ez du hitz egin nahi aurkari zuzenez. «Reala eta Racing dira gure kontrarioak. Gure lana egiten ez badugu, begiratuko dugu zer gertatzen den beste zelaietan. Ez dago talderik nabarmentzen denik: edozeinek buka dezake seigarren postuan, edo hamalaugarrenean. Amaitu arte borrokatu behar dugu. Ikusi dugu irabazita badagoela aukera sailkatzeko», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Mendilibarrek «indartsu» ikusten du taldea, nahiz eta Mestallan astindua jaso. «Harro gaude egindako lanaz», azpimarratu zuen. Azken bi partidak irabazteko moduan daudela ere nabarmendu zuen. Realak jokoan ezer ez duela aipatu ziotenean, Osasunako entrenatzaileak gogorarazi zuen txuri-urdinek Atletico Madrilen zelaian berdindu zutela. «Lasai datoz, baina ondo jokatuko dute. Anoetan gertatutakoa baliagarria izan daiteke. Berdindu genuen, baina astindu ederra eman ziguten. Profesionalak dira, eta irabaztera etorriko dira. Haien lana da, eta ondo ulertzen dut».
Hamaikakoari dagokionez, Flañok eta Satrustegik hasieratik jokatuko dute, Roversio eta Damia zigortuta baitaude.
Realak lehian jarraitu nahi du
Realari dagokionez, Vicente Calderonen erakutsitakoaren bidetik jarraitzen ahaleginduko da, sailkapenean gora egiteko. Ez da batere lan samurra Lehen Mailan zazpi jardunaldiz galdu gabe egotea. Realak, oraingo bolada onari esker, bigarrenez lortu du hori. Horrekin ez konformatzeak zeresan handia izango du gaur gauean, lehiarako gosea desagertu ez zaiela frogatzeak. Erronkak jarri eta gainditzeko saioak lagungarri behar luke izan ahazteko prozesuan. Egonkortasunaren harriak ari da jartzen Reala sasoi honetan.
Hain zuzen, Philippe Montanierrek topatu du futbolarien gogoari eragiteko akuilua. «Irabazteko aukera ona izan liteke. Bigarren itzulian, merezi arren, ez dugu lortu, eta horren bila zelairatuko gara». Tarte horretan txapelketako jokalekurik zailenetan bota behar izan duenez izerdia, galdu egin du bost alditan, eta azken hiruretan, berriz, puntu bat bildu du.
Ikusi beharko da, era berean, Aranbururen erabakiaren korapiloa nola desegiten duen multzoak, ondo erantzungo ote duen azkenaldian pilatutako emozio guztiaren aurrean. Montanierrek atzo esan zuen «errespetatu eta onartu» beharra zutela kapitainaren nahia eta haren «laguntza garrantzitsua» izan dela hasieratik.
Realera etorri zenetik, frantziarrak argi azaldu du ez duela lanik egin nahi hamaikako jakin batekin, baizik eta multzoari atera nahi diola zukua. «Moldaketak egin arren, niretzat garrantzitsuena da taldeak bere betiko maila ematea», argudiatu zuen, beste behin. Vicente Calderonen, batez ere atzealdeko tresnak ukitu zituen, Carlos Martinez, Demidov eta Cadamuro zelairatuta, eta gaur baliteke Estradak, De la Bellak edo Ansotegik, hiru horietako batek gutxienez tokia izatea hasierako taldean. Ea zer gertatzen den atepean: beharbada, Zubikaraik eta Toñok azken bi partidak joka ditzakete.
Elustondok eta Zurutuzak neurketa betea jokatu zuten Madrilen, eta, fisikoki ahalmen handikoak direnez, ez dirudi aulkian utziko dituenik. Illarramendi edo Aranburu izango da beste erdilaria. Aurrean, berriz, Vela ariko da, itxuraz Agirretxeren ordez, baina Ifranek ere aukera izan dezake.
Baten premia, bestearen nahia
Osasunak Realari irabazi behar dio gaur, datorren denboraldian Europako Liga jokatzeko aukerari eutsi ahal izatekoTxuri-urdinak presiorik gabe ariko dira, puntu kopurua handitzeko xede bakarrarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu