Piloten aitzakiarik ez da izango finalean. Lau finalistak gustura geratu dira iganderako aukeratu dituzten pilotekin. 106,9, 106,5 eta 106 gramoko hiru pilota aukeratu dituzte Olaizola II.ak eta Aretxabaletak, astunak eta frontisetik gutxi ateratzen direnak, goizuetarra jokoan sar dadin. Eta 105,6, 104,7 eta 105,4 gramokoak Irujok eta Barriolak, arinagoak eta frontisetik gehiago ateratzen direnak, Olaizola II.ari jokoan sartzeko ahalik eta aukera gutxien emateko. Datorren igandean 18:00etan hasiko da finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bideoa: gaurko pilota aukeraketa (Ander Gartzia, BerriaTB).
[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2103/[/berriatb]
Irujoren ezker eskua. Pilotak aukeratzeaz gain, horixe zen zalantza sortzen zuen gai nagusia. Eta Aspeko aurrelariak ez du argitu gehiegi egoera zein den, pilotakada bakarra eman duelako ezker eskuarekin. "Ez dut minik sentitu", azaldu du gero. Azken egunotan ez du egin entrenamendurik ezkerrarekin, eta igandera arte ere ez duela probatuko argitu du. "Igandean txikitu behar badut, txikituko dut, baina esperientziak erakutsi dit aurretik probak egitea ez dela izaten komenigarria". Gainerakoan, "fresko" dago nafarra, eta txapelketa honetan "orain arteko momenturik onenean" Barriola.
Olaizola II.a eta Aretxabaletaren aldeko giroa izango da partida hasi aurretik, eta 100-80ri edo 100-90i aterako da dirua. Hori bai, goizuetarrak ez du uste eurak direnik finala irabazteko faborito. "Finalak desberdinak izaten dira. Aretxabaletaren lehenengoa izango da, gainera, eta ez dut uste gu garenik faborito". Markina-Xemeingo atzelariak onartu du "urduritasun puntu bat" sentitu duela pilotak aukeratzeko garaian. Baina prest dago igandeko erronkari aurre egiteko. Bitxia bada ere, lau hilabete luzeko txapelketan elkarren aurka hiru aldiz aritu arren, Irujoren, Barriolaren eta Aretxabaletaren lesioek eraginda, lau finalistek ez dute jokatu elkarren aurka.