Batuta

Athletic ez da fidatzen Bartzelonaren sasoi txarraz. Adurizek aulkian itxaron beharko du jokatzeko aukera

haritz gallastegi
2007ko otsailaren 25a
00:00
Entzun


Athletic ez da fidatzen Bartzelonaren sasoi txarraz. Adurizek aulkian itxaron beharko du jokatzeko aukera
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Athleticek erronka zaila dauka Camp Noun; izan ere, Bartzelonaren aurka jokatzen hasi aurretik jaitsiera postuetan egon daiteke. Horretarako, nahikoa izango da Celtak etxean puntu bat eskuratzea. Beraz, jokalari zuri-gorriek berdegunea zapaltzen dutenerako sekulako presioa izan dezakete gainean. Horrek ez dio asko lagunduko taldeari, baina egoera onean jokatuta ere gaitza da Bartzelonari aurre egitea. Zer esanik ez, egoera gaiztoa bada.

Hala ere, Athleticek ezin du etsi. Aldez aurretik ezin da partida bat galdutzat eman. Liga hasieran espero ez diren puntuak egoten dira jokoan goi mailako taldeen aurka. Gaurko norgehiagoka gisa horretako partida izango da. Gaitza da, baina posible da zerbait eskuratzea. Athleticeko jokalariek aukera on bat dela pentsatu behar dute; ez dutela ezer galtzeko, alegia. «Konfiantza handia daukat partidaren azken emaitzan. Area inguruko faltekin kontuz ibili behar dugu, eta kontraerasoa baliatzen ahalegindu behar gara», adierazi zuen Manek.

Balmasedako entrenatzaileak zuzentzen duen taldea puntu bila zelairatu behar da Camp Noun. Lehiatzeko gogoarekin, baina apaltasunez. Athleticek ez dauka arrazoirik harro jokatzeko, eta jokalariek argi dute hori. Taldearen inguruak ere argi izan beharko luke; izan ere, aspaldiko partez etxean irabazi ostean eta aurkaria bolada onean ez dagoela aintzat hartuta, gehiegizko baikortasuna egon da Athleticen inguruan. Bada, ez dago horretarako arrazoirik. Bartzelona faborito argia da neurketa irabazteko. Zergatik? Ligako lehen sailkatua delako, Txapeldunen Ligako egungo txapelduna delako, goi mailako jokalariak dituelako, zaleen aurrean jokatzen duelako... nahiko arrazoi izan daitezke.

Faborito argia bai, baina garaiezina ez da. Valentziak eta Liverpoolek argi eta garbi erakutsi dute hori. Defentsan sendo jokatuz gero, partida guztietan dauden aukera apurrak aprobetxatuz, eta zorte apur bat izanez gero -Ingalaterrako taldeak izan zuen-, Bartzelona mendean har daiteke. Gauza asko egin behar dira ondo, beraz. Athletic gai izango al da? Baliteke, baina zuri-gorriek ez dute Valentziaren eta Liverpoolen maila.



ALDAKETA BAKARRA. Athleticek partida guztian kontzentrazioari eustea gaitza da oso. Manek taldearen ardura hartu zuenetik, dezente hobetu da defentsako lana, baina oraindik hutsuneak ditu. Batez ere, jokalariek dituzte akatsak. Beraz, futbolari batek huts egiten badu, ondoan dagoenak lagundu egin beharko dio. Ekipoko laguntza horietan egongo da arrakastaren giltza.

Oparirik egin ez eta aurkariek euren talentuaren berri ez ematea izango litzateke albiste pozgarria. Halere, norbaitek uste al du egungo Bartzelonak hiru partida jarraian galdu al dituenik? Duela hilabete inork ez. Orain, aukera badago. Euren artean ere ez baita giro: Eto'o ahoberoa izan zen giroa gaiztotu zuen lehena. Gero, emaitza txarrak eraginda, Ronaldinhoren gaineko eztabaida piztu da. Kilo batzuk soberan dituela, partida erabakigarrietan ez dela agertzen... Azken egunotan ez da besterik entzun Rijkaarden taldearen inguruan. Athleticen gainean hitz bi ere ez dute egin. Ia zuri-gorriek aprobetxatzen duten.

Manek aldaketa bakarra egingo du hasierako hamaikakoan -Fernando Amorebieta osatu da eta jokatzeko prest dago-. Aldaketa bitxia, gainera. Aritz Adurizen postuan Javi Martinez zelairatuko da. Erdilari nafarraren aldeko apustua egitea ez da berria. Logikoa ere bada. Getaferen aurka garaipenaren gol biak sartu zituen jokalaria taldetik kanpo lagatzea da harrigarria. Beraz, pentsa daiteke Athleticek ez daukala kontraerasoan jokatzeko asmorik -Urzaizekin ezin daiteke-. Entrenatzaileak beste gauza bat adierazi arren, lerroak aurreratu eta goian presioa egitea izan daiteke asmoa. Horretarako, jokalari guztiak batuta eta batera egin beharko dituzte mugimendu guztiak, bestela... akabo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.