Batuta

Athleticek lerroak elkarren ondoan eduki gura ditu gaur, Betis leku barik utzi eta lehen garaipena lortzeko

haritz gallastegi
2006ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Athleticek ez du lehen jardunaldian emandako itxura eman gura Betisen aurka. Felix Sarriugartek zuzendutako taldeak partida eskasa egin zuen ligako estreinakoan. Etxean, San Mamesen, 38.000 zaleren babesarekin, nora ezean aritu zen taldea. Beldurtuta. Sortzerakoan eta suntsitzerakoan egin zuen huts talde zuri-gorriak. Defentsako lanean ez zuen sendotasunik erakutsi. Urduri, konfiantza barik aritu ziren jokalariak. Eskerrak aurkariak ez zuen aparteko ezer egin-halere, nahikoa izan zuen jokaldi bat gola sartzeko-.

Aranzubiaren atea zaintzeko aparteko sendotasunik izan ez arren, jokoa sortzerakoan erakutsitako gabeziek kezkatu zituen gehien zaleak. Athleticek ez zuen izan arriskua sortzeko gaitasunik. Lerro artean tarte handia egon zen, eta baloia oinetan izan zutenean, min egiteko ahalmena duten jokalariek ere ez zuten argi jokatu. Adurizek, erdiko aurrelariak, ez zuen erdiraketa edo pase sakon onik hartu. Sortu zuen arrisku guztia bere kabuz lan egin ostean sortu zuen. Eta horrela oso gaitza da Lehen Mailan irabaztea.

Realaren aurkako partida ez errepikatzeko batuta egoteko eskatu die jokalariei Sarriugartek. Batuta egonez gero, aurkariak ez du zulorik aurkituko. Baloia berreskuratutakoan, baloiaren jabe denak erraz aurkituko du taldekide baten laguntza. Athleticeko entrenatzaileak eskatutakoa egokia da, baina baita gaitza ere. Azken batean, entrenatzaile guztiek eskatzen dutena da: oreka lortzea, alegia.

Zer egin behar den zehaztu ondoren, egin beharrekoa nola lortuikusi behar da. Zaldibartarrak hiru erdilarirekin eta beste hiru aurrelarirekin egin zuen proba lehen jardunaldian. Bistan da ez zuela gura zuena lortu. Bi arrazoi egon daitezke. Bata, jokalariak ez direla 4-3-3ko joko sistemara egokitu. Gehienentzat sistema berria da, eta denbora beharko dute bakoitzak zer eta nola egin behar duen ganoraz ikasi aurretik. Bestea, Athleticeko jokalarien ezaugarriak aintzat hartuta ez dela joko sistemarik egokiena. Badirudi bigarren aukera dela Sarriugartek aintzat hartu duena. Hori ondoriozta daiteke azken aste bietako lana gainbegiratuz gero. Bai Lezamako lan saioetan eta bai Alberto Ormaetxea zenaren Oroimenezkoan, joko sistema ezberdinak erabili zituen. Euren artean 4-2-3-1ekoa da gehien probatu duena. Athleticek eta Ligako talde gehienek horrela jokatu dute azken denboraldiotan, eta badirudi Ruiz de Loperan joko sistema horrekin jokatuko duela.

ORBAIZ, MIN HARTUTA. Dena dela, joko sistema ez da garrantzitsuena. Futbolariek behin eta berriz esan dute. Jokalarien maila eta partidan duten kontzentrazioa garrantzitsuagoak dira. Jokalarien mailari dagokionez, Athleticek badu Betis mendean hartzeko adinakoa. Egun ez dira espainiarrak baino gutxiago. Orbaiz ariko ez den arren, Iruretaren taldeari aurre egiteko moduan dago Athletic. Erdilari nafarrak kolpe bat hartu zuen Realaren aurka. Astebetean bere aldetik entrenatu ostean, azken egunotan normal entrenatzen ari zen. Atzo, ordea, min hartu zuen berriz. Ondorioz, behartutako atsedena hartu beharko du. Bigarrenez, zelai erdiko erreferentzia barik geratu da Athletic. Murillo eta Tiko dira haren lekua hartzeko hautagai nagusiak. Zelai erdian ez eze, erasoan zein atzealdean ere aldaketak izan daitezke. Defentsan Amorebietak har dezake Casasen postua. Aurrealdean, berriz, Etxeberria aulkian gera daiteke. Elgoibartarra ez dago sasoi betean, eta minduta dauka belauna.

Athleticeko jokalariak maila onekoak dira, baina azken urteotan gabezia nabarmen bat erakutsi dute: kontzentrazio falta. Bai, jokalari onek ez dute kontzentrazioa galtzen. Bestela, ez dira onak. Horrela bada, Athleticekoak ez dira horren onak izango. Azken sasoietan makina bat puntu galdu dute banakako akatsen ondorioz. Horrek kezka sortzen dio Sarriugarteri: «Betisek boladaka jokatzen du. Minutu horietan adi egon behar dugu». Iraganean egindako hutsetatik ikastea baino gauza hoberik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.