Felix Baumgartner austriarrak lortu du balentria: 39.045 metroko altueratik egin zuen salto atzo, estratosferatik, inoiz egin den jauzirik handiena eginez. Bi ordu eta erdi eman zituen igotzen, eta ordu laurdena behar izan zuen berriro lurreratzeko.
Beste erronka bat ere gainditu zuen Baumgartnerrek: lehen gizakia da laguntza mekanikorik gabe soinuaren abiadura gainditzen duena. Hain justu, orduko 1.342 kilometroko abiadura erdietsi zuen jauziaren aurreneko uneetan. Hala ere, ez zituen helburu guztiak bete. Lau minutu eta hemeretzi segundo eman zituen paraxuta zabaldu gabe, eta lau minutu eta erdian dago errekorra.
Bost urte behar izan ditu Baumgartnerrek saltoa prestatzeko.