Azken bi hilabeteak bikainak izan dira Getaferentzat. Otsaileko lehendabiziko partida galdu egin zuen Michael Laudrupen taldeak, 0-1 Espanyolen aurka. Iragan asteburuan San Mamesen berriz ere galdu egin zuen -Athleticek 1-0 irabazi zien espainiarrei- ; Getafek, aldiz, hamabi partida egin zituen galdu gabe. UEFA Kopan,Atenasko AEK eta Lisboako Benfica taldeei gailendu zaie tarte horretan -hiru partida irabazi ditu eta bat berdindu-; Espainiako Kopan Racing menderatu zuen finalerdietan, eta Ligan ere bikain aritu zen: hiru berdinketa eta hiru garaipen lortu zituen, besteak beste, Real Madrili Santiago Bernabeun irabazita.
Laudrupen taldeak beldurra ematen du une honetan, eta, Osasunak Alfonso Perez estadioan Lehen Mailan partidarik inoiz ez duela irabazi aintzat hartuz gero, gorritxoek ez dute baikor izateko arrazoi handirik. Dena dela, Getafen gutxi hitz egin da gaur arratsaldean jokatuko den partidaz. Datorren ostegunean Munichen (Alemanian) Bayern Munichen aurka jokatu beharreko UEFA Kopako final-laurdenetako joanekoa partidak zeresan handia eman du. Osasunak ez du horretan pentsatu behar, baina argi dago Getafe ezustean harrapatzeko abantaila handia izango dela espainiarrek burua Bayernen aurkako partidan izatea.
«Lehendabizi Osasunaren aurka jokatu behar dugu, eta gero etorriko da Bayernen aurkako partida. Getaferentzat Osasunaren aurkako partidak Munichekoak baino garrantzi handiagoa dauka», esan zuen Laudrupek herenegun, bere jokalariek arreta galtzeko arriskua dutela jakinik. Jose Angel Zigandak ez ditu Laudrupen hitzak sinesten, dena dela. «Partida garrantzitsuena hurrengoa izaten da beti; baina ni seguru nago, aukeran emanez gero, nahiago dutela Bayern Munichi irabaztea guri irabaztea baino. Bayerni haren zelaian irabazteko aukera behin bakarrik izango dute, eta Alemaniako txapelduna kanporatzea eskura izango dute, hori lortuz gero. Aldiz, Osasunaren kontra galdu arren, mailari eusteko helburua betetzeko aukera asko geratuko zaizkie. Laudrupek hori esatea normala da, dena dela, hori esan beharra dauka», adierazi zuen atzo Larraintzarko entrenatzaileak.
Laudrupek hori esan beharra daukan bezalaxe, Getafeko jokalariek arreta guztia Osasunan jarrita izango dutela esan beharra daukate ere Osasunako jokalariek. Eta halaxe izan da. «Ez dut uste Getafeko jokalariek Bayernen kontrako partidan pentsatuko dutenik gure kontra ari direnean», esan dute aste honetan Taxoareko prentsa aretotik igarotako jokalari guztiek. Bai Velak, bai Kike Solak eta baita Miguel Flañok ere. Hargatik, Getafeko jokalarien larruan jarriz gero, denek badakite ez dela erraza izango ostegunean Alemanian jokatu beharreko partida erabat ahaztea. Getaferen historiako partidarik garrantzitsuena izan daiteke. Garrantzitsuena ez bada, erakargarriena bai, behintzat. Galdu edo irabazi, Getafeko zaleek inoiz ahaztuko ez duten lehia da Bayern Munichen aurkakoa. Eta jokalariei ere kosta egingo zaie hori ahaztea.
LAU HILABETE ETXETIK AT IRABAZI GABE. Osasunak, hala ere, ezin du dena Getafeko jokalarien arretarik ezaren zain utzi. Ia lau hilabete igaro dira Nafarroako Erresumatik at Iruñeko taldeak lortu zuen azken garaipenetik: Riazorren 1-2 irabazi zuen 2007ko abenduaren 2an. Gorritxoak Ligako talderik kaskarrenetakoa da Osasuna etxetik at: 14 partidatan bederatzi puntu soilik batu dituzte-azken bi sailkatuek eta Zaragozak soilik batu dute puntu kopuru txikiagoa etxetik at-. Eta jaitsiera postuekin jolas arriskutsuetan erabat murgildu nahi ez badute, joera hori aldatu beharra daukate nafarrek.
«Etxetik kanpo irabazi gabe zenbat denbora egin pentsatu ere ez dut egiten. Igandeko partida irabaztea da helburu bakarra, era batera edo bestera, baina irabaztea da gakoa. Eta ez zait batere axola Betisek gure zelaian irabazi zuen bezala irabazten badugu ere», esan zuen Zigandak atzo, ondo ala gaizki jokatu garrantzitsuena hiru puntuak batzea dela nabarmenduz.
Hasierako hamaikakoan hiru aldaketa egin beharko ditu Zigandak. Joko sistema ez du ukituko, hala ere, eta ohiko 4-2-3-1koarekin joango da Osasuna Getafera, baina nahitaez egin beharreko aldaketak badira. Atzealdean Josetxok partida bateko zigorra bete behar du, eta haren tokia Miguel Flañok hartuko du. Javi Garcia ere zigortuta dago, eta haren hutsunea Martin Astudillok beteko du zelai erdian. Ezker hegalean, berriz, Ludovic Delporte min hartuta dago berriro, eta, haren ordez, Carlos Vela mexikarra itzuliko da hamaikakora.
«Seguru nago nahiago dutela Bayern Munichi irabaztea, guri irabaztea baino»
jose angel ziganda
osasunako entrenatzailea
Bayernek ere jokatzen du
Getafek burua UEFA Kopan duela baliatu nahi du gaur, Osasunak lau hilabete barru etxetik kanpo irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu