Bazkaririk gabeko egun bat

Bihar hasiko da inoizko binakako txapelketarik luzeena, eta pilotari batzuen iritziz bikoteak ez daude orekatuak

Binakako txapelketan parte hartuko duten pilotariak, atzoko aurkezpenean. Iñigo Pascual falta da. R. BOGAJO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Txapelketa luzea izango da binakakoa, bazkaririk gabeko eguna bezalakoa. Halakoetan, orduak astiro pasatzen dira; arratsalde partekoak, bereziki. Eta binakakoan, asteak izango dira, aste luzeak; hasierako ligaxkako erdi aldeko asteak, bereziki. BERRIAk hilaren 14an aurreratu baitzuen, binakako txapelketak diseinu berria izango du, inoizko luzeena. Bihar hasiko da ligaxka, eta 11 jardunaldi izango ditu, iaz baino hiru gehiago. Gero, finalerdietan, ligaxka jokatuko dute, eta, azkenean, finala, apirilaren 17an, ziur asko Bilbon. Are gehiago, atzoko aurkezpenean esan zutenez, litekeena da ligaxkako partida bat Miribillan jokatzea. Normala da, otsailean bukatuko baitira lanak.

«Herrietan txapelketako partiden eskaera dugu, eta, aurrekourteetan arrakasta izan denez, horregatik luzatu dugu». Hala azaldu zuen Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak diseinu berria. Telebistek ere gustura hartuko zuten; azken batean negozioa da arrazoia. Halere, eta inoiz baino partida eta jaialdi telebisatu gehiago izango dituen arren, herenegun eguerdian itxi zuten babeslea, diru publikoa, eta aurrekoetan baino merkeago. Azkenean, Jaurlaritzako turismo bulegoko Euskadi atsegin handiz kanpainaren ikurra agertuko da elastikoetan.

Lehen fase ia bukaezinak bi itzuli izango ditu; aurrenekoen bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute, beste enpresakoen eta enpresa berekoen aurkako partidak tartekatuz. Bigarren itzulian, berriz, bigarrenez jokatuko dute beste enpresako bikoteen aurka. Txapelketa luzatzea zen helburua, eta bosgarren bikotea sartzea alboratu zutenez, EPELek bide modu nahasi samarra diseinatu du. Iaz, lesioek aldaketa asko eragin zituzten, eta jardunaldi gutxiago zeuden; ikusteko dago aurten nola eusten dioten. Hasieratik bukaerara arte, lau hilabete luzeko txapelketa da.

Bikoteei dagokienez, pilotari batek baino gehiagok esan zuen ez daudela erabat orekatuak; besteak beste, Juan Martinez de Irujo eta Asier Olaizola ziren iritzi horretakoak. Olaizola umoreko mintzatu zen: «Grazia egin digu Xala-Barriola ikusi, eta konpentsatuak zeudela entzutea». Goizuetakoak udan ez zuen torneorik jokatu, baina azken asteetako itxura onak eman dio txartela. Bi bikote ageri dira, teorian, besteen gainetik: Olaizola II.a-Begino eta Xala-Barriola. Olaizola II.a apurka erritmoa hartzen ari da, eta, jokoa hartzen badu, txapelerako hautagai dira. «Aritzek berea emango du, ongi aritzeak arduratzen nau orain», onartu zuen. Xalari dagokionez, belauneko minak desagertu zaizkio, eta, apurka, indartzen ari da.

Iazko txapelketarekin alderatuta, Zubieta eta Beroiz faltako dira, eta, haien ordez, Barriola eta Merino II.a sartu dira. Merinok hilabete gutxi batzuk baino ez daramatza profesionaletan, eta Irujorekin ariko da. Beste parte-hartzaileei erreparatuta, hainbat bikote klasiko daude, Olaizola I.a-Beloki 2007ko txapeldunordeak; Bengoetxea VI.a eta Ruiz, hirugarrenez elkarrekin; eta Titin-Pascual, iaz ere batera aritu zirenak. Gonzalez eta Laskurain iazko txapeldunordeak bikote izango dira berriz. Azkenik, bikote bizkaitar bat edukitzea «interesgarria» zela esan zuen Salbideak, Berasaluze VIII.ak eta Apraizek osatzen dutenaz mintzatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.