Binakako Munduko zesta-punta txapelketako sailkatze fasea gaur bukatuko da, Berriatuan (19:00). Beaskoetxeak eta Irastorzak, Foronda eta Hernandezek aurka jokatuko dute, eta aurrenekoek 27 tanto egitea aski dute finalerdietarako sailkatzeko. Lortuko balute, Bereikua eta Felix izango lituzkete hurrengo kontrario. Forondak eta Hernandezek, berriz, 27 tanto jaso gabe irabazi behar dute. Lortuko balute, Egiguren II.a eta Lopez izango lituzkete aurkari finalerdietan.
Beaskoetxea eta Irastorza dira faborito garbi gaur. Txapelketako partida bat irabazita dute dagoeneko, eta horregatik ez dute irabazi behar. Sasoiko daude, gainera, iragan astelehenean 35-31 galdu baitzuten Egiguren eta Lopez faboritoen aurka, 102 minutu iraun zuen partidan. Gaurko aurkariek, berriz, aurreko biak galdu dituzte, eta Hernandez lesio batetik irten berria da. Berriatuko Mendibarren pilotalekua motza da, eta, halako kantxetan indarrarekin min handiagoa egiten denez, neurriek Irastorzari mesede egiten diote. Txapelketako finalerdiak, azkenik, larunbatean Markinan, eta igandean, Durangon, jokatuko dira. Finala 12an izango da, Hondarribian.
Mitoaren agurra
Felix Espillak hilaren 25ean jokatuko du azken partida, Gernikako urriko azken asteleheneko jaialdian. Hasiera batean urtarrilera arte jokatzen jarraituko zuela zabaldu arren, Berriatuko atzelari indartsuak bi aste barru jantziko ditu azkenekoz galtza zuriak. Egun binakako txapelketan buru belarri sartuta dago, eta agur ofizialaren aurretik partida bana jokatuko du Markinan eta Durangon. Azkenik, urtarrilean omenaldia egingo diote, Durangon.
Felixek 48urte ditu egun, eta 32 urte igaro ditu profesionaletan. Haren kirol ibilbideko lorpen zerrenda ia amaiezina da, eta besteak beste, lau aldiz izanda buruz buruko txapeldun, eta AEBetako hiru aldiz irabazi zuen NJAF-a, Floridan inoiz antolaturiko txapelketarik garrantzitsuena.
Beaskoetxeak eta Irastorzak 27 tanto behar dituzte gaur
Felix Espillaren agurraren data zehaztu da, eta hilaren 25ean jokatuko du azken partida, Gernikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu