Saskibaloia

BECen ere ez dute ondo hartu Espainiako erregea

Saskibaloiko Espainiako Kopako finala jokatu zen atzo iluntzean Barakaldon, eta txistuka hartu zituzten Espainiako errege-erreginak eta Espainiako ereserkia.

2010eko otsailaren 22a
10:41
Entzun
Espainiako Saskibaloi Kopako finala jokatu zen atzo iluntzean Barakaldon (Bizkaia), BECen, eta Juan Carlos eta Sofia Borboikoak, Espainiako errege-erreginak izan ziren partidan. Beren aurkako egundoko txistu pila entzun behar izan zituzten, jarraitzaile gehienek ez zituztelako ondo hartu. Partida hasi baino sei minutu lehenago heldu ziren palkora, eta jendeak "kanpora, kanpora!" egin die oihu. Txalo gutxi batzuk izan dira.

Espainiako ereserkia jo zuten ondoren, bi taldeak kantxan zirela, eta hor ere txistu asko entzun ziren. Harmailetan milaka euskal herritar zeuden -Caja Laboralek eta Bilbao Bizkaia Basketek fasea jokatu dute-, eta Bartzelonako zaleak ere ehunka zeuden. Denera, 14.800 lagun bildu ziren atzo BECen finala ikusteko.

Athleticek eta Bartzelonak joan den maiatzean Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako Espainiako futbol Kopako finaleko giroaren antzekoa izan zen atzo, beraz, Barakaldon. Erregea 2001etik saskibaloiko Kopako finalera joan gabe zegoen.

Juan Carlos Borboikoaren ondoan izan dira palkoan, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia.

Bideoan ageri direnak Espainiako telebista publikoko bigarren katekoak dira. Txistuak entzuten badira ere, ahalik eta gutxien aditu daitezen saiatu dira, eta ereserkia entzuteko unean ez dute ikusleen irudirik eman. Iazko maiatzea, futbol Kopako txistukada gertatu zenean, konexioa etetea erabaki zuen Espainiako telebista publikoan saio haren ardura zuenak, eta erabaki horren ondorioz, dimisioa eman behar izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.