Ondo hasten dena... ondo bukatzen dela dio esaera zaharrak, baina ondo hasten dena bukatu arte tarte handia egoten da, berri txarrentzako egokia. Posibletzat jotzen zen Bizkaiaren garaipena Valentziaren aurka, aurkaria baja askorekin zetorrelako eta bizkaitarrak larri zebiltzalako, ito beharrean. Normaltzat jotzen zen Baskoniaren garaipena Murtzian, arabarrak euren sasoi puntu onenetik urrun egonda ere. Baina ezkortasuna erabatekoa zen atsedenaldian, Murtzia 42-31 aurretik zenean. Eta zailtzat jotzen zen Lagun Aroren erronka Badalonan, baina hankapean ibili zuten Joventut, eta inoiz irabazi gabeko plaza konkistatu. Nola, gainera! 23 punturen aldea, Panko eta Baronen erakustaldia, piboten lan bikaina... Zergatik igande honetan bai, eta aurrekoetan ez? Begiak igurtzi, badaezpada, eta hurrengo jardunaldia pasa dena bezain ona izan dadila errezatzen hasi. Euskal taldeek partida erabakigarriak dituztelako: Fuenlabrada Donostian, zulotik ateratzeko; Bartzelona Gasteizen, «hemen gaude» esateko; eta Zaragoza Bizkaian, Kopako ametsa errealitate bihurtzen has dadin.
Estatubatuarren zirimola. Oharkabean pasatzen ari da Andy Pankoren denboraldi bikaina, baina asteak joan asteak etorri, marka guztiak hausten ari da. Ligako saskiratzailerik onena da, eta lehiaketako herena joan denean hala izatea asko izatea da. Beste 26 puntu lortu zituen Badalonan, eta Joventuten erreakzio oro kamustu. Ia 20 puntu ziurtatzen ditu partidako. Igandean, Baron herrikidea izan zuen lagun. Bazen garaia. Kritikak eta zurrumurru gaiztoak indarra hartzen ari zirenean esnatu baita jaurtitzaile fina. Gozamena da haren hirukoak ikustea, 6,75 metrotik edo zortzi metrotik izan. Sartzen direnean sareak ateratzen duen doinu zerutiarra bezala. Klasea dauka soberan, eta fedea faltan. Sito Alonsok mendekurik ez zuela nahi esan zuen atarikoan, baina modu txarrez bota zuten etxera beste talde batekin joan eta zure nagusi izandakoei halako muturrekoa ematea... Larunbat gauean Fuenlabrada dator. Eguraldi makurra atarian, zaleak poztasun gosez Gabonen atarian. Ezin da huts egin!
Nork egingo dio oihu orain Prigioniri? Irail bukaeran esan zuen BERRIAn kantxan saiatuko zela Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko hainbat zalek zioten gorrotoari buelta ematen. Eman ditu pausoak, eta igandean pauso handia eman zuen. Baliabide gutxirekin, nekatuta, hegazkinetik hegazkinera... eta eskerrak, Murtzia parean! Aldarte horrekin iritsi zen Caja Laboral partidara, baina jaso zituen belarrondokoekin azkar esnatu zen. Oso gutxi daukan taldeak hankapean ibili zuelako. Josep Franchek Derrick Rose zirudien, Augustinek Scola, eta Jordi Grimauk Teletovic. Rejon apalak ere Baskoniaren aurka lortu zuen lehen saskiratzea! Lan erdietan 11 punturena zen aldea, eta Olesonek, Ribasek eta Prigionik «bale» esan zuten. 25 puntu lortu zituen bi laurdenetan Murtziak, eta ireki-irekia topatu zuen zerua itxi bihurtu. Baskoniak defentsan bilatzen duelako garaipenerako bidea. Igandean, Iradier Arenan, ligan defentsan ondoen moldatzen diren bi taldeak elkarren aurka. Ikuskizuna!
Urrun zegoen, gertuago dago. 11. jardunaldiko emaitzak lagungarriak izan dira Gescrap Bizkaiarentzat, eta balio handiagoa eman dio Valentziaren aurkako garaipenari. 9. postuan dago Katsikarisen taldea, eta garaipen bakarrera dauka seigarrena. Hurrengo jardunaldiak norgehiagoka interesgarriak ekarriko ditu bizkaitarrentzat. Eurena, aurrena, beste talde guztiek jokatu ondoren ariko baita, astelehenean, balantze bera daukan irabazteko moduko aurkaria parean duela: CAI Zaragoza. Elkarren aurka jokatuko dute Valentziak eta Cajasolek, eta bietako batek seigarren partida galduko du. Behetik Manresak lan zaila dauka Real Madrilen aurka, eta Fuenlabradak ere Illunben jokatuko du. Aste honetako egoera errepikatzen bada, gaur zortzi zortzi onenen artean egongo da Bizkaia. Bere lana egitea da lehen baldintza.
Zonakako defentsa
Begiak igurtzi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu