Garaipenak bai batean eta bestean, baina "benetakorik" ez. Frantziako Tourra gain-gainean denean, ideia horixe zebilen bueltaka Mark Cavendishen (Omega) buruan. Ezin irabazi etaparik World Tourreko itzuliren batean. Estutzen hasita egongo zen, jada, britainiarra, baina askatu du barrua Suitzako Itzulian. Talde guztiak lan dotorea eginda, eroso antzean irabazi du laugarren etapa, esprintean, Juanjo Lobatori (Movistar) eta Peter Sagani (Cannondale) aurrea hartuta. Aurretik, etapa hastearekin batera, Laurens De Vreesek (Wanty) eta Daniel Teklehaimanotek (MTN Qhubeka) jo dute erasoa, baina tropelak kontrolpean izan ditu une oro, eta helmugara iristeko hamar kilometro pasatxo falta zirela geratu da ezerezean bikoaren saiakera. Faboritoen artean mugimendurik gabe, Tony Martinek (Omega) eroso eutsi dio liderraren maillotari. Ossingen eta Bueren artean, bosgarren etapa jokatuko da bihar, 183,6 kilometrokoa. Ezusterik ezean, esprinta izango da, berriz ere.
Txirrindularitza
Behar zuen horrelako garaipen bat
Mark Cavendishek (Omega) irabazi du Suitzako Itzuliko laugarren etapa, esprintean, denboraldiko World Tourreko lehenengoa. Tony Martin taldekideak eroso eutsi dio liderraren maillotari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu