Txirrindularitza

Beharrik gabe, sufritzen hasi da Froome

Etapa hasi eta bukatu, erasoka aritu da Chris Froome (Sky), eta ikaragarri sufritu du gero Alpe d'Huezen gora. Christophe Riblonek (Ag2r) irabazi du etapa, ihesaldian sartu eta indarrak ondo neurtuta.

unai zubeldia
2013ko uztailaren 18a
17:50
Entzun

Gehiegizko nagusitasuna erakusten saiatzen ari da Chris Froome (Sky) aurtengo Tourrean, eta sufrituz amaitu du gaurko etapa, Alpe d'Huezen gora. Ondo bidean, irabazi egingo du Tourra, eta alde handiarekin, gainera. Baina hobe du burua erabiltzen hastea Nairo Quintanak (Movistar) eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) estu hartzea nahi ez badu, behintzat. Eguneko ihesaldian sartuta eta indarrak dotore neurtuta, Christophe Riblonek (Ag2r) irabazi du 18. etapa, Tejay Van Garderen (BMC) bi kilometro falta zirela harrapatu eta atzean utzita. Etapako lehiatik urrun, ordea, Alberto Contador eta Roman Kreuziger (Saxo) saiatu dira Sarenne mendatearen jaitsiera arriskutsuan erasoa jo eta liderra estu hartzen. Baina itota geratu dira gero biak.

Lau kilometro falta zirela erakutsi du Froomek ezina, jan eske hasi denean, eta Richie Porte taldekidearen gurpilean egin ditu azken kilometro horiek, arnas-estuka. Ordurako aurrerago ziren Quintana eta Rodriguez, azken astera oso indartsu iritsi direla berretsita. Riblonengandik 2.12ra helmugaratu da Quintana, 2.15era Rodriguez, eta 3.18ra Porte eta Froome. Gain-gainean izan dute Alejandro Valverde (Movistar), 3.22ra, eta 4.15era helmugaratu da, azkenean, Contador, Mikel Nieve (Euskaltel) eta Jakob Fuglsangekin (Astana) batera.

Sailkapen nagusian Froomek jarraitzen du lider, 5.11ra dago Contador, eta 5.32ra Quintana, Kreuzigerri aurrea hartuta. 5.44ra dago txekiarra, eta 5.58ra Rodriguez. Bihar eta etzi zoragarria izango da podiumerako lehia, 47 segundo besterik ez daudelako lau txirrindulari horien artean. Etapan bederatzigarren, hamabosgarren jarri da orain Nieve, Froomengandik 24.13ra. Erakusten ari da gertu daukala etapa garaipena, baina bi aukera besterik ez zaizkio geratzen jada. Biharkoa, lehenengoa. Bourg d'Oisans eta Le Grand Bornand artean, gogor-gogorra da biharko etapa ere. Glandon eta Madeleine maila berezikoak igoko dituzte gero, Tamie bigarren mailakoa gero, eta Col de l'Epine eta Croix Fry lehen mailakoak azkenik. Hamahiru klilometro besterik ez daude mendiko pankartapetik helmugara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.