Behetik eta goitik, indartsu

Negredo eta Kanouteren jokoa gelditzea ezinbestekoa izango du Realak gaur, Sevillako azterketa gogorra gainditzekoVela, min hartuta, Donostian gelditu da, eta Carlos Martinez hamaikakora bueltatuko da

Joseba Llorente, Asier Illarramendi eta Ruben Pardo, aste honetan, Zubietan; Illarramendi soilik sartu zen atzo deialdian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Molinonen ekin zion bere ibili itxaropentsuari Philippe Montanierren talde eraberrituak, eta sentipen horri jarraikortasuna ematen ahaleginduko da gaur Sevillan. Plaza gaiztoa da, oso, nahiz Realarentzat, gezurra dirudien arren, hainbesterainokoa izan ez. Hori diote estatistikek behintzat. Txuri-urdinek Gijonen lortu dute garaipen gehien maila nagusian, hamabi denera, eta gaur gauean marka hori berdintzeko aukera izango du Sanchez Pizjuan futbol zelaian. Batak eta besteak, ordea, oroitzapen ederrenetik mingarrienerainoko tartea irudikatzen dute. Zamora eta Bertoniren golek zehazturikoa. Azken orduan irabazi eta galdutako ligak dira. Poztasun betea eta madarikazioa. Futbolaren izaera kontrajarria.

Horrelaxe sentitzen dira, neurri batean, Sevilla inguruan. Multzo lehiakorra osatu du, beste behin, Monchi kirol zuzendari trebeak, bi urteren ondoren Txapeldunen Ligako postuetara bueltatzeko helburuarekin. Lehendik zuten talde onari —guztien gainetik Negredo aurrelari indartsua nabarmentzen da egun—, Trochowski, Del Moral, Coke eta Spahic gehitu zaizkie. Punta-puntako jokalariak izan gabe, halako errendimendua emateko fitxaketak dira. Alves, Keita, Baptista, Adriano, Poulsen, Luis Fabiano eta Squilaccirekin egin zuten moduan. Merke ekarri, garesti saldu. 100 milioi inguruko irabaziak izan zituzten jokalari horiek salduta. Monchiren formula eraginkorra.

Hala ere, txingoka ekin diote denboraldiari, inor gutxik aurreikus zezakeen makilkada jaso zutelako Europako Ligako lehen kanporaketan, Hannover 96 Alemaniako taldearen kontra. Makilkada mingarria. Ikusteko dago zer-nola baldintzatzen duen Marcelino entrenatzaile berriaren ibilia. Andaluziarren liga hasierak ere ez dituelako zalantzak uxatu. Malagaren aurka bale, Vila-realen aurka kale. «Ez dugu jarraikortasunik izan, eta garapen bidean gaude. Dezente falta zaigu bete-betean egoteko», onartu zuen duela egun gutxi Marcelinok. Gora eta behera horretan iritsi da Reala Pizjuanera, hazita.

Montanierrek Carlos Vela aurrelaria galdu zuen atzo, azken entrenamenduan. Medikuaren esanetan «bihurritu arina» du eskuin belaunean. Bi astez-edo ezingo duela jokatu, alegia. «Niri dagokit arazo horri irtenbidea topatzea. Badaukat non aukeratua», arrazoitu zuen frantziarrak, atzo, Zubietan. Sarpong, Carlos Martinez eta Toño Ramirezekin osatu zuen zerrenda. Ruben Pardo —Reala B-rekin ariko da gaur— eta Zubikarai dira Donostian gelditu diren beste bi jokalariak.

Berritasun horietatik, lodosarra baino ez da itzuliko hasierako hamaikakora. Zortzi egunetan hiru partida jokatze horrek, izenei erreparatuz gero, ez dirudi eraginik izango duenik. «Txandakatzeak? Niri lehen partidak baino ez dit ardura. Gero gerokoak». Sevillaren jokotik, goitik datozen baloiek kezkatzen dute Montanier. «Defentsan indartsu eta oldarkor jokatu behar dugu hori gelditzeko».

Joko sisteman, aldaketa agian

Kanoute-Negredo bikoa zelairatuko du, itxuraz, andaluziarren entrenatzaileak. Gorputz sendoko bi aurrelari dira, garaiak, teknikoak eta fisikoki ahalmen handikoak. Ez da erraza horiei gain hartzea goitikako jokoan. Gauzak hala, baliteke joko sistema aldatzea eta 4-2-3-1 erabiltzea lehen aldiz. Illarramendi eta Mariga izango lirateke euskarriak, kenyarraren gorpuzkera indartsua baliatzeko. Zurutuzak edo Aranburuk jokatuko luke aurretik. Aintzat hartu beharreko hipotesia baino ez da. Gainontzekoak Bartzelonaren kontra hasieratik aritu zirenak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.