Beldur barik

Athleticek Mallorcak baino askoz gehiago daukala jokoan erakutsi behar du gaur San Mamesen

haritz gallastegi
2007ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun


Athleticek Mallorcak baino askoz gehiago daukala jokoan erakutsi behar du gaur San Mamesen
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Athleticek beldur barik jokatu behar du Mallorcaren aurka. Jokalariek barruan daramaten garaipen amorru guztia kontrolatzen jakin behar dute Gregorio Manzanoren taldea mendean hartzeko. Athleticek bere baitan dauka San Mameseko partida irabaztea. Orain arte oso gutxitan erakutsi duen grina eta garaipen gosearekin zelairatzen bada, Mallorca mendean hartzeko gai izango da Maneren taldea. Halaber, Athleticek eta San Mameseko harmailek bat egiten badute, are eta lan gaitzagoa izango du aurkariak.

Arratsaldeko bostetatik aurrera ez du balioko aurretik gertatu denak. Ez du balioko denboraldi osoan zehar taldeak etxean irabazteko izan dituen zailtasunak gogoan hartzeak. Ez du balioko Mallorca bigarren itzuliko talderik indartsuenetakoa izateak. Ez du balioko irletako taldeko jokalariek irabaztearren izango duten diru sariak... Aurkariak baino askoz gehiago daukala jokoan erakutsi behar du Athleticek lehen minututik. Horrela, aurkariak izango ditu zailtasunak. Bide batez, beste futbol zelai batzuetan gertatzen dena bigarren mailan geratuko da. Irabaziz gero, gutxienez hiru talde izango ditu atzetik Athleticek. Bi jardunaldiren faltan ez da gutxi.

Izan ere, Athleticeko zuzendariak eta teknikariak nahiko kezkatuta egon dira aste guztian zehar oso gutxi egin delako berba San Mamesen jokatuko den norgehiagokaren gainean -zaleen eta hedabideon kezka Osasunak eta Realak Nafarroako Erresuman jokatuko duten derbia izan da-. «Guk San Mamesen jokatzen dugu, eta ez beste inon. Ezin dugu huts egin», adierazi zuen Manek. Ohikoa baino egun bat lehenago egin zuen prentsa agerraldia Athleticeko entrenatzaileak. Ez du inork lo hartzea gura. Eta inork ez du lo hartuko. Katedralera ailegatu bezain laster konturatuko da Mane horretaz. San Mames bete egingo da. Berriz. Deportivoren aurka sarrera guztiak agortu ziren. Mallorcaren aurkako partidak bide bera hartuko duela dirudi. Harmailak bete egingo dira eta zaleek betiko legez lagunduko dute. Sasoi guztian animatu duten moduan.

Athletici garaipenera bultza egiteko prest agertuko diren 40.000 jarraitzaileei neurketa amaitu arte jo eta ke laguntzeko arrazoiak eman beharko dizkio taldeak trukean. Lasai, jokalariek ez dute asko eman beharrik izango eta. Apur bat besterik ez, zale zuri-gorriek ez baitute asko eskatzen. Baina zerbait eman beharko die.



HAMAIKAKOAN NOBEDADE DEZENTE. Horretarako, aldaketa asko egin ditzake Manek. Atzealdean, gutxienez, bi egingo ditu. Ezker izterrean min hartu ostean txapelketari agur esan dion Luis Prietoren postuan Ustaritzek jokatuko duela dirudi. Bitxia izan da abadiñoarraren egoera. Luzaroan min hartuta egon ostean, euskarrian jokatu zuen Valentziaren aurka. Bere ohiko lekua izan ez arren, lan ona egin zuen. Halere, Manek ez dio aukera askorik eman. Ez euskarrian, ez atzean. Taldeak defentsako lan eskasa egin arren, ez du aldaketarik egin. Fisikoki sasoi onean badago, Ustaritzek hamaikakoan lekua duela nahiko argi dago. Mallorcaren aurka izan dezake joan den denboraldian erakutsi zituen dohainen berri emateko aukera.

Ezker hegalean Expositok jokatuko du ziurrenik. Javi Casas taldera bueltatzeko aukera zegoen, baina aukera hori alboratuta, Iraola atzeratu eta Exposito hegalez aldatuko du ziurrenik -Espainiako Kirol Diziplina Batzordeak jokatzeko behin-behineko baimena eman dio Barakaldoko atzelariari-.

Erasoan ere ez dira nobedadeak faltako. Etxeberriak aukera handiak ditu hasierako hamaikakora bueltatzeko. Azken jardunaldietan taldekideak baino dezente gehiago nabarmendu arren, Romaredan aulkian utzi zuen Manek. Mallorcaren aurka, ostera, elgoibartarraren esperientzia eta egun duen bizitasuna baliatzeko asmoa dauka entrenatzaileak.

Aurrean postu bat daukate jokoan Urzaizek eta Adurizek. Urzaizek esperientzia, golegile sena eta Mallorcako atzelarien artean sortzen duen beldurra ditu alde. Adurizek, berriz, Romaredan sartu zituen hiru golak eta beharrerako grina. Llorente ere bere aukeraren zain dago. Athleticen benetako lehiakortasuna dagoen gutxienetako postua da.

Eta hamaikakoan bezala, deialdian ere aldaketak egon dira. Urriaren 7an Euskadi-Katalunia partidan min hartu zuenetik jokatu gabe bazegoen ere, Tiko deialdian sartu du Manek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.