Beldurraren kontra, lasaitasuna

Borrokarako egokia zen etapa, baina lasai-lasaia izan da; Pinottirena da lidergoa, eta Laverdek irabazi du etapa

Andoni Urbistondo.
2007ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Pentsatzekoa zen zerbait pasa zitekeela. Etapa aproposa zen borrokarako, ihesaldi arriskutsuetarako. Ibilbideak horretarako bidea ematen zuen. Asko-asko pasatzea ere ez zen normalena izango, Giroko lehen astea delako, baina zerbait... Ez zen ezer pasatu. Ezer ez tropeleko oilarren artean. Ezer ez oilarren itzalean ibiltzen direnen artean. Barealdia. Haizerik gabeko haizetea. Lasaitasun handia. Handiegia, nahikoa zergatia bilatzeko lana hartzeko.

Giro e lungo, piano, piano esaldia izan liteke arrazoia. Alegia, Giroa luzea dela, etapa gogorrenak geratzen direla oraindik, eta poliki-poliki joatea ere ez dela aukera txarra. Tropelak beldurra dio Giroko bigarren erdiari, eta beldur horri lasaitasunarekin erantzun zion, borrokarako batere borondaterik gabe. Beste arrazoi bat Liquigas taldearen zaintza zorrotza izan daiteke. Gertutik zaindu zituzten Terminillo gaiztoan egon ziren ihesaldi ahaleginak, eta komeni zitzaienari eman zioten baimena. Bost lagun sartu ziren: Schwab, Laverde, Pinotti, Kern eta Contrini. Pinotti zen sailkapen nagusian gertuen zegoena, Di Lucarengandik 3.11ra. Liquigasek maglia arrosa mantentzeko tarte nahikoa zen hori, lanean noiz jarri erabakitzeko nahikoa.

Ez ziren jarri, ordea. Liquigas tropel buruan jarri zen, baina jazarpenik egin gabe. Pentsatzekoa da beste talderen bat burura pasatu zain geratu zirela, eurek erantzukizun guztia hartu nahi ez zutelako, baina ez zen inor pasatu, eta bata bestearen zain, akabo. Boskoteak zazpi minutuko zuloa ireki zuen. Litekeena da, era berean, Liquigasek taldea nekatzeko asmorik ez edukitzea, bigarren erdian denen laguntza funtsezkoa izango delako, baina asmo hori maglia arrosaren jabetzarekin kontrajartzen da.

Maglia arrosak publizitate handia ematen dio soinean daraman taldeari, jantzi preziatua da, eta Liquigasek lidergoa hain erraz oparitzeak halako harridura sortzen du. Batez ere maglia arrosari eusteko egin behar zuten ahaleginak ez zuelako taldea lehertuko, ezta gutxiago ere. Boskotea bost minutura eduki zuten ihesaldiko lehen 30 kilometroetan, baina Terminillotik jaitsi ondoren, zortzi minuturaino igo zen errenta. Helmugarako 50 kilometro falta ziren artean, eta bihurriak, gorabeheratsuak.

Tarte aproposa zen aurrekoen aldea murriztu eta maglia arrosari eusteko, baina Liquigasek berean jarraitu zuen, eta lidergoa oparitu Italiako tropeleko txirrindulari zailduenetako bati: Marco Pinottiri. Pinotti ez da txirrindulari garailea, baina akordioa lortu zuen Laverde kolonbiarrarekin. Etapa Panaria taldekoak irabazi zuen, eta maglia arrosaren jabe egin zen Pinotti.

Pinotti eta Laverde ziren boskoteko indartsuenak, eta biak erraz utzi zituzten atzean hiru ihes lagunak. Pinottik ziurra du astebeterako poza. Asteartean mendate batean bukatuko da etapa, baina ez dirudi atzo lortutako lau minutuko errenta galtzeko nahikoa izango denik. Beste kontu bat izango da hurrengo ostegunean, Briançonen bukatuko den etapan. Han ez dio eutsiko, ziur.



SaILKaPenaK
SEIGARREN ETAPA

1. Luis Felipe Laverde (Panaria) 4.58.23

2. Marco Pinotti (T-Mobile) d. b.

3. Christophe Kern (Cr. Agricole) 1.30era

4. Hubert Schwab (Quickstep) 1.34ra

5. Daniele Contrini (Tinkoff) 3.45era

6. Fortunato Baliani (Panaria) 6.55era

7. Alessandro Petacchi (Milram) 7.09ra

8. Aliaksandr Usau (AG2R) d. b.

9. G. Palumbo (Acqua Sapone) d. b.

12. Aitor Hernandez (Eusk.-Eusk.) d. b.



SAILKAPEN NAGUSIA

1. Marco Pinotti (T-Mobile) 23.44.32

2. Hubert Schwab (Quickstep) 3.30era

3. Danilo Di Luca (Liquigas) 4.12ra

4. Franco Pellizotti (Liquigas) 4.38ra

5. Andrea Noe (Liquigas) 4.47ra

6. Vincenzo Nibali (Liquigas) d. b.

7. Luis Felipe Laverde (Panaria) 4.49ra

8. Andy Schleck (CSC) 5.05era

9. Damiano Cunego (Lampre) 5.06ra

15. Patxi Vila (Lampre) 5.29ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.