Pilota

Belokik ez du jokatuko larunbateko finalerdia, ez baita osatu eskuko lesiotik

Eskubiko hatz lodian min dauka eta, ondorioz, Aimar Olaizola finalera sailkatu da, txapelketan partida bakarra jokatuta. Txapelaren bila ekainaren 7an ariko da Donostiako Atano III.enean, Irujoren aurka. Etzi jarriko dira finaleko sarrerak salgai.

2009ko maiatzaren 26a
18:49
Entzun
Argitu da: Ruben Beloki ez da osatu eskuin eskuko hatz lodiko minetik -bihurritu egin zuen Asier Olaizolaren aurkako final-laurdenean- eta ez du larunbat honetan jokatuko Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketako finalerdia, Aimar Olaizolaren aurkakoa. Ondorioz, azken hori finalera sailkatu da.

Aimar Olaizolak partida bakarra jokatu du txapelketan, final-zortzirenetan Xabier Urberuagaren aurkakoa, final-laurdenetako arerio Abel Barriola ere min hartuta zegoelako.

Belokik gaur goizean egin du saio erabakigarria, Iruñean, Labrit pilotalekuan, eta orduan hartu du erabakia.

Lehengo asteburuan zen jokatzekoa Aimar Olaizolaren eta bien arteko finalerdia -Labriten-, baina atzerapena eskatu zuen Belokik. Onartu egin zioten.

Gaurko erabakia dela-eta, finala azkenean ekainaren 7an jokatuko dute, ez 14an -hala ziren jokatzekoak larunbat honetan finalerdia izan balitz-. Donostiako Atano III.enean izango da partida eta sarrerak etzi jarriko dira salgai, 10:00etan: Kantxakoak 150 euroko salneurria izango dute.

Juan Martinez Irujo sailkatuta dago finalerako, finalerdian irabazi egin ziolako Oinatz Bengoetxea iazko txapeldunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.