Athleticeko bazkide konpromisarioen batzarrak zeresana emango du aurten ere. Datorren astelehenean, hilak 10, azken lau urteotan kluba zuzendu dutenen eta egun agintzen dutenen arteko lehia espero da. 2010-2011ko denboraldiko aurrekontuetan dago bi aldeen arteko desadostasuna. Fernando Garcia Makuaren lantaldeak bi milioi euroren irabaziak egon direla defendatzen du, baina Josu Urrutia buru duen zuzendaritzak hamar milioi euroko defizita egon dela aurkeztuko du.
Diru kontuak egiterako orduan alde biek irizpide ezberdinak erabili dituztela esan da azken egunotan. Dirurik ez dela falta, alegia. Hori egia izanda ere, egungo zuzendaritzak argi dauka eurek aurkeztuko duten aurrekontua dela zuzena. «Nik ez dizuet esango alde bati edo besteari sinesteko. Athleticek azken 27 urteetan izan duen kontu ikuskatzaileak esan duenari erreparatzeko eskatuko dizuet. Klubarekin zerikusirik ez duen enpresa da, independientea. Kontu ikuskatzaile horrek dio kontuak guk egin ditugun moduan egin behar direla», esan zuen Athleticeko idazkari Jabier Aldazabalek. «Guk ez dugu aztertuko aurreko zuzendaritzak egindakoa, oso gauza onak eta horren onak ez direnak egin baititu. Gure asmo bakarra da kontuak legeak eskatzen duen moduan aurkeztea», gaineratu zuen talde zuri-gorriko agintariak.
Athleticen egoera ekonomikoaren «benetako» aurpegia erakutsiko diela agindu die egungo zuzendaritzak bazkide konpromisarioei —konpromisario izateko beste bederatzi bazkideren babesa behar da—. Argazki horretan zulo handi bat ikus daiteke: hamar milioi eurokoa. Lau dira zulo hori estaltzeko aurreko zuzendaritzak erabilitako bideak: Athletic Fundazioak egindako diru ekarpena —milioi bat inguru—; Aritz Adurizen salmentagatik Mallorcatik eskuratzea espero zen eta poltsikoratu ez den diru kopurua —1,6 milioi euro inguru—; telebista kontratu berria sinatzeagatik ustez eskuratu beharreko bi milioi euroak —500.000 euro baino ez da, eta beste milioi eta erdia taldeak helburu batzuk lortuz gero eskuratuko lituzke—; eta laugarrena eta zeresan gehien eman duena, Athleticeko Bazkide Barria kanpainan eskuratutako zazpi milioi euro pasatxoak.
Aurreko zuzendaritzaren ustez, kanpaina egin zen urtean kontabilizatu behar da diru kopuru hori. Egungo agintarien ustez, berriz, irizpide okerra da hori. «Bazkide Barriak ez dira oraindik klubeko bazkideak. Dirua gure eskuetan dago, baina kontabilitate aldetik ez da diru sarrera gisa hartu behar. Beste edozein bazkidek dituen eskubideak dituen egunean hartu beharko da kontuan diru kopuru hori. Aurrez ezin dugu hori egin», esan zuen Aldazabalek.
Urtebetean hamar milio euroko zuloa egiten duen klub baten egoera ezin da osasuntsua izan. Egoera larrian dagoela esan daiteke. Baina laino beltzen atzean eguzki izpiak ageri direla uste dute egungo agintariek. «Athleticen egoera ekonomikoa itxaropentsua dela esan behar diegu bazkideei. Orain aitortzen ari garen hamar milioi euroko galera telebista kontratu berriarekin eta bazkide berrien ekarpenarekin konponduko dugula uste dugu», esan zuen Aldazabalek. Ildo horretan, Athleticek zer egin behar duen argi dauka Urrutiak. Bulegoetako zuhurtziak eta berdeguneko lan onak eramango du Athletic arrakastaren bidera. «Klubaren gastua igo barik, lehiakortasuna mantendu behar dugu etorkizunean», esan zuen Athleticeko presidenteak.
Kirol arloko gehiegizko gastua
Iazko kontu liburuari errepasotxo bat eginez gero, Garcia Macuaren zuzendaritzak bestelako bideak jorratu zituela esan daiteke. Guztira, sasoi hasieran aurreikusitakoa baino ia zazpi milioi euro gehiago gastatu zituen Athleticek kirolari eta teknikariei ordaintzerako orduan. Hauteskunde urtean kontratua luzatu zuten futbolariek ez dute kexatzeko arrazoirik izango. Kontratua luzatzeaz gain, kontratu zaharra ere hobetu zien aurreko zuzendaritzak. Guztira bi milioi euro erabili zituen horretarako Garcia Makuak.
«Benetako» aurpegia
Athleticen 2010-11ko sasoiko aurrekontuan hamar milioi euroko galera dagoela berretsi dute talde zuri-gorriko agintari berriekKlubak «etorkizun itxaropentsua» duela azpimarratu dute zuzendaritzako kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu