Bera Bera da faborito argia gaur, Itxakoren aurkako Superkopan

Lizarrako taldea aurretik bi lan saio bakarrik eginda ariko da Donostiako Bidebieta kiroldegian (17:30)

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Irabazteko aukeren %1 ere ez dugula uste dut». Zintzo mintzatu da azken egunetan Eduardo Izquierdo Itxakoko entrenatzaile berria gaurko Superkopaz. Lizarrako taldearen itxura berriaritraza hartzeko aukera egongo da gaur Donostiako Bidebieta kiroldegian (17:30), nahiz eta 11 jokalarirekin bakarrik agertuko den, tartean bi atezain. Bera Berak neurtuko du, eta etxekoak izango dira faborito handiak denboraldiko lehen euskal derbian.

Itxako ABF Ligako eta Espainiako Kopako txapeldun izan zen, Bera Bera, berriz, bigarren sailkatu eta txapeldunorde. Sasoiko lehen titulua izango dute jokoan, atzo Reyes Karrere Bera Berako entrenatzaileak gogoratu zuen bezala. «Ilusio handia egiten digu irabazteak, titulu bat beti da titulu bat». Bera Berak hiru aldiz jokatu du aurretik Surpekopa eta behin irabazi, 2008an. Azkenekoa 2009an jokatu zuen, Itxakoren aurka eta etxean, eta 23-24 galdu zuen. Lehen partida ofiziala izango da udan fitxatutako bost jokalarientzat: Patricia Elorza, Maria Nuñez, Silvia Ederra, Adriana Doce Cardoso eta Nitsan Dunay.

Ondo bidean, oreka gutxiko partida beharko luke, Itxakoren jokalari multzoan bi entrenamendu saio baino ez dituelako egin elkarrekin. Bi aste pasatu dira bakarrik Lizarrako taldeak lehiatzen jarraituko zuela ziurtatu zuenetik, eta korrika eta presaka fitxatu ditu jokalarik. Azkenekoaren berri atzo eman zuen, Lidia Jimenez alboko espainiarra, aurretik ABF ligako Maritim eta Vicar Goya taldeetan ariturikoa. Lizarrako taldeak «hurrengo egunetan» beste bi fitxaketen berri emango duela aurreratu du. Horietako bat Andrea Barno lizartarra izan daiteke, baina zaila dirudi, eskaintza gehiago baititu.

Goizegi da Itxako neurtzeko, are gutxiago, lagunarteko partidarik jokatu ez duela kontuan hartuta, eta Bera Berak bere onena emango duela jakinda. Lizarrako taldearen itxura aztertu duten adituen ustez, taldea sasoi honetako ABF Ligan lehiakor izateko modukoa da, ligaren mailak ere behera egin duelako. Lehen jardunaldia gaur zortzi jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.