Iaz Espainiako Kopa eskuratuta, tituluari eusteko lehian izango da Bera Bera bihar, finalaurrean Atletico Guardesi nagusitu eta gero. Kopako hirugarren finala dute jarraian gipuzkoarrek, eta, irabaziz gero, bosgarren aldiz eskuratuko lukete Espainiako Kopa. 13:00etan jokatuko dute finala.
Partida lehen zatian bideratu dute Bidebietakoek. Lehia orekatua izan da lehen minutuetan, hutsetan nahiz goletan. Minutu batzuen buruan, ordea, defentsa lanean sendo arituz, tartea zabalduz joan dira donostiarrak, launako berdinketatik 12-5eko abantailara igaroz. Lehen zatiko amaieran estutu dute galiziarrek, eta 13-8ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, markagailua kudeatu du Bera Berak, une oro lauzpabost golen abantailari eutsiz. Azkenean, 23-19 nagusitu dira gipuzkoarrak.