Bera Berak atariko baten irabazlearen aurka jokatuko du EHF Kopako lehen kanporaketa. Donostiako taldearen balizko aurkariak Jomi Salerno Italiako taldea eta IBV Vestmannaeyjaren Islandiakoa dira. Islandiako taldea da faboritoa. Parekaketa zozketa bidez erabaki da.
Bera Berak hirugarren fasean ekingo dio txapelketari. Zerrendaburu da, Txapeldunen Ligari uko egin ziolako. Joaneko partida etxean jokatuko du, azaroaren 15 edo 16an, eta itzulikoa etxetik kanpo.
Zozketa eguna izan da gaurkoa Donostiako taldearentzat; izan ere, Ohorezko Mailako ligako zozketa ere egin dute, eta bertan finkatu da hurrengo denboradiko egutegia; lehen jardunaldian Granollersen aurka jokatuko dute etxean. Ohorezko Mailako beste euskal taldeak ere, Barakaldoko Zuazok, etxean ekingo dio lehiaketari, Kordobako Adesal taldearen aurka.