Eskubaloia

Bera Bera Kopako finalerdietarako sailkatu da

Irabazi egin dio Malagari (31-28), final-laurdenetan, eta Elx izango du kontrario bihar.

Fernandes, indarka, aurrera egin nahian, Malagako aurkarien artetik, gaur. EFE
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 21a
18:00
Entzun

Super Amara Bera Berak Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko ditu bihar Elxen aurka. Horretarako aukera irabazi du gaur, Malagari final-laurdenetan irabazita (31-28), Telden. Parekatua izan da partida, eta azken zortzi minutuetan erabaki da, Donostiako taldeak 7-4ko partziala egin diolako aurkariari.

Lehen zatian, larri antzean ibili da Imanol Alvarezen taldea. Jokoan ez horrenbeste, baina bai emaitzan. Izan ere, bitan izan da hiru gol atzetik. Malagak ezarri du erritmoa eta jokomoldea, eta Silvia Arderius erdikoaren trebeziarekin eta eraginkortasunarekin arazo franko eragin dizkio Bera Berari. Bizi jokatzea da Donostiako taldearen bereizgarria, eta gola sartzen ziotenean bakarrik lortu du baliatzea. Bestela, eraso estatikoan, sei seiren aurka, ez da eroso ibili, Mariane Fernandes izan ezik. Brasildarrak bost lau sartu ditu lehen zatian. Arazoa, dena dela, atzean zeukan Bera Berak, baina oztopoak oztopo, gol bat atzetik joan da atsedenaldira (13-14).

Bigarren zatia hasi eta segituan lortu du Bera Berak aurretik jartzea lehendabizikoz (15-14). Bi golen aldea ere izan du 40. minutuan, baita hirukoa ere handik bi minutura (20-17). Emaitza alde jartze horretan, erabakigarriak izan dira Adriana Cardosok elkarren segidan sarturiko hiru penaltia; baita atzetik aurrera erasoan azkar jokatzen segitzea ere, lehen zatian bezala, Malagak erasotik defentsarako bidean egin dituen jokalari aldaketak baliatuz. Bera Berak defentsa bizitu egin du, eta aurkaria lotzeko bideak txandakatu ere bai, Arderiusi buruz buruko zaintza ere egin baitio Esther Arrojeriak, tarteka. Baina oso ona da Bera Berako jokalari ohia, eta lortu du taldekideak jokoan berriz sartzea. 23na berdinduta heldu dira azkeneko hamabi minutuetara. Azkeneko berdintzea 24nakoa izan da, eta, hortik aurrera, Bera Bera nagusitu da. Malagak erasoan pare bat baloi une garrantzitsutan galtzeak ere lagundu du, eta garaipenak ez dio ihes egin Bera Berari.

Donostiarren artean golegilerik onena Fernandes izan da, zazpi gol sartuta. Partidako jokalaririk onenaren saria ere hari eman diote, Arderiusek gol bat gehiago sartu badu ere. Horrenbestez, Kopako azkeneko txapelduna kaleratu dute, eta kirol mendekua hartu ere bai. Izan ere, Superkopan espainiarrek irabazi zieten. Ligan, aldiz, Euskal Herriko taldea nagusitu da, eta zazpigarren titulua eskuratu. Hain zuzen, asteburu honetan Kopa irabazten badu, zazpigarrena izango du, Superkopak hainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.