Lan bikaina egin zuen atzo, oro har, Bera Bera taldeak. Rocasa taldeari 21-26 irabazi zion atzo jokatutako finalean, hala, Espainiako Kopa eskuratuz. Laugarren aldia da taldeak sari hori eskuratzen duela; azken biak, jarraian. Gipuzkoako Diputazioak zoriondu egin du taldea, eta harrera egingo dio, 12:00etan.
Lan itzela egin zuen Ana Temprano Bera Beraren atezainak. Atzo, hemeretzi geldialdi egin zituen. Horrez gain, egindako lan onaren erakusgarri, Temprano izendatu zuten txapelketako jokalaririk onena.
Matxalen Ziarsolok ere lan bikaina egin zuen. Orotara, zortzi tanto egin zituen. Alba Menendez lateralak beste bost gol lortu zituen.
Bera Berak aurkaria mendean hartzea lortu zuen; defentsa lan bikaina egin zuen, Tempranoren atea gotortuz.