Lau t'erdiko txapelketako lehen faseko bi kanporaketak jokatuko dira gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:00, Nitro). Aurrenekoan, Patxi Ruizek Mikel Olaetxearen aurka jokatuko du; bigarrenean, berriz, Pablo Berasaluzek Iker Arretxeren kontra. Biak partida orekatuak dirudite, baina apustuetako dirua Olaetxearen —100-80ri— eta Berasaluze VIII.aren—parean baina bere aldeko joerarekin— alde irtengo da.
Mikel Olaetxeak zeresan handia eman du azken hilabeteetan, eta gaur du bere ahala erakusteko aukera. Lizartzakoak, baina, asko jokatu du udan, eta eskuak nahiko justu ditu. Ez du lau t'erdiko entrenamendu bereziturik egin, eta gaur nahi baino tako lodiagoak jarri beharko ditu. Ruizi dagokionez, udan arazo fisikoak izan zituen, baina badu eskarmentua. Ez dago sasoirik onenean, baina ondo moldatzen da lau t'erdian. Iaz final-laurdenetara iritsi zen, eta bidean gaurko aurkariari irabazi zion (22-20). Irabazleak Bengoetxea VI.aren aurka jokatuko du, gaur zortzi, Labriten.
Berasaluze eta Arretxeren artekoa jaialdiko hirugarrena izango da. Elkar ondo ezagutzen duten bi aurkari dira, azken hiru urteetan bi aldiz jokatu baitute lau t'erdiko txapelketan. Biak Berrizkoak irabazi zituen, 22-21 2008an, eta 22-17 iaz. Irabazleak Olaizola II.a izango du aurkari, gaur zortzi, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Berasaluze VIII.a eta Olaetxea dira faborito gaur Labriteko partidetan
Berrizkoak Arretxe II.a izango du kontrario; Lizartzakoak, berriz, eskuak nahiko justu ditu Ruizi aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu