Maisuki irabazi zuen Hondarribiak estreinakoz Espainiako Txapelketa, herenegun. Maisuki, eta merezita. Pronostiko guztiak Kaikuren alde egon arren, eta gipuzkoarrek trainerua harrobiko arraunlariz josita eduki arren, erakustaldia eman zuten. Teknikoki ezin hobeto aritu ziren, eta estropadaren azken txanpan hegazkin baten moduan ibili zen Hondarribiaren trainerua. Kontuan hartu behar da, gainera, harrobiko zortzi arraunlarik parte hartu zutela. Etorkizuna, beraz, ziurtaturik dauka Ama Guadalupeko ontziak. Berdeen harrobia ez dago berde.
Estropada hasieran, bazirudien azkenaldiko pelikula bera ikusiko zutela arraunzaleek. Kaiku ziztu bizian abiatu zen lehenengo kaletik, eta nagusitasunez jarri zen aurretik. Konturatzerako, lauzpabost segundoren abantaila lortu zuten Sestaokoek Hondarribiaren zein Urdaibairen aldean. Artean, ur lasaietan ziren traineruak. Ordea, nahikoa izan zen ur zakarragoetara iristea egoera aldatzen hasteko eta ezustea gerta zitekeela sinesteko.
Hiru segundoren aldea atera zion Kaikuk Hondarribiari aurreneko ziabogan. Elegantziaz beterik moldatu ziren gipuzkoarrak, eta, hori ikusita, beste martxa bat sartu zuten bizkaitarrek. Konturatu ziren arnasa lasai hartzerik ez zeukatela estropada irabazi ahal izateko. Saiatu ziren aldeari eusten, baina alferrik.
Hirugarren luzea erabakigarria izan zen. Hondarribiak Kaiku harrapatu bakarrik ez, pasatu ere egin zuen. Nola pasatu, gainera. Berriz ere ur zakarretan egin zuen aldeak gora, eta azken-aurreko ziaboga zazpi segundoren aldearekin eman zuen Ama Guadalupekoak. Urdaibai, berriz, dezente atzerako gelditua zen. Azken luzeari lasai antzean ekin zion traineru irabazleak, eta Kaiku ahalegindu zen hura harrapatzen. Ahalegin handia egin zuen, baina atzo Hondarribiaren eguna zen. Arrainak uretan bezala ibili ziren traineru barruan. Ederra izan zen estropada guztia.
Berdeen harrobia ez dago berde
Hondarribiak lehen aldiz irabazi du Espainiako Txapelketa, hirugarren luzean eginiko lan onari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu