Alavesek sendo jarraitzen du Mendizorrotzan. Sei partida jokatu ditu bertan, eta bakarra galdu du. Jokoan egon diren hemezortzi puntuetatik 11 eskuratu ditu. Gaur lortu du azkena, Atletico Madrilekin bana berdinduta. Meritu handiko puntua da, Atletico Madrilek lehen gola sartu ondoren, Gasteizko taldea gai izan baita berdintzeko.
Lehen zatian, nagusi izan da Alaves, baina ezin izan du nagusitasun hori gol bat sartuz biribildu. Iritsi, iritsi da Atletico Madrilen area ingurura, batez ere ezker hegaletik, baina aukera garbirik ez du sortu. Are arrisku gutxiago sortu dute bisitariek, ez baitute lehen zatian jaurtiketa bakar bat ere egin. Pacheco ikusle hutsa izan da, lehen zati aspergarri baten ikusle hutsa.
Aurreneko zatiari falta izan zaion gatzarra eta piperra izan du bigarrenak. Lehen minutuetan, Atletico Madrilek gora egin du, eta lehen aldiz, arriskua sortu du. Alaves, hala ere, ez da urduri jarri. Serio ari zen. Baina 70. minutuan, biguin aritu dira Alaveseko erdilari eta atzelariak, eta Moratak gola sartu du, Atletico Madrilen jokaldi ona errematatuta. Golak jota utzi ditu etxekoak, eta minutu batera, bigarren gola sartzeko bi aukera garbi izan dituzte bisitariek. Baina Pacheco ikusgarri aritu da, eta Alaves salbatu du.
Gola behar zuten etxekoek, eta Asier Garitanok Burke zelairatu du, Wakasoren ordez. Aldaketak fruitua eman du, Alavesek gora egin baitu. 82. minutuan jaso du saria. Lucas Perezek gol ikusgarria sartu du, bi aurkariri iskin egin eta area kanpotik baloiari ezker oinarekin zartako ederra emanda. Hamar minutu falta ziren, baina ez da gol gehiagorik egon.
Berdinketari esker, Alavesek postu bat egin du gora sailkapenean, eta hamahirugarren da, hamabi punturekin. Biharko eta etziko partiden emaitzen zain, hiru puntura ditu jaitsiera postuak.