Udaberria sargori samar doa tarteka. Espainia hegoaldetik bero sapa etortzen da Euskal Herriraino, eta gaur iluntzean bero latza espero da Buesa Arenan. Bat-batekoa, baina bizpahiru ordukoa, meteorologia kontuekin zerikusirik ez duena. Real Madril eta Caja Laboral Baskoniaren arteko kanporaketa gori-gori dago, eta bukaera gerturatzen den heinean, kiskaltzen. Ordu batzuk barru buka baitaiteke espainiarren denboraldia, eta bi aste luzatu euskaldunena, inork halakorik espero ez zuela. Finalerdietan jartzen zuen langa mundu guztiak, Real Madril eta Bartzelona gainditzea ezinezkoa zelakoan, baina orain esku-eskura dute finala gasteiztarrek, eta ezin dute aukera pasatzen utzi, uzten badute jan egingo dituztelako Madrilen etzi. Epaileen jardunaren harira sortu den iskanbila guztiarekin, mirariren bat beharko litzateke Baskonian Madrilen 2-3koa lortzeko, eta kontuak errazak dira: gaur irabazi, eta finalera; gaur Real Madrili berdintzen utzi, eta agur, ez diotelako bizirik ihes egiten utziko.
Madrilen, hirugarren partida bukatu eta berehala jarri zuten eltzea sutan. Egun pare bat lehenago Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak. Bere kexak zenbakiekin azaldu zituen Kerejetak, baina jakina zen atzo epaileak zorrotz hartuko zituztela Madril aldean Gasteizen galtzen bazuten. Eta hala izan zen. Handiak esanda, gainera. Lapurreta hitz leuntzat har daiteke sare sozialetan. Caja Arbitral deitzen diote orain Arabako taldeari, klubeko presidenteak epaileak bere alde orekatzeko duen ustezko gaitasunagatik.
Zaila da arrazoia nork duen asmatzea. Lehen bi partidetan, hogei falta gehiago adierazi zizkieten arabarrei. Etxekoen aldeko joera ezkutatzen uzten ez duen kopurua. Herenegun, aldiz, txanponaren bestaldea ikusi zen. Epaileek Baskoniaren aldeko joera erakutsi zuten. Kirolaren aurkako bi falta adierazi zizkieten Carrolli eta Begici. Aurrenekoa, izan zen; bigarrena, hortxe-hortxe. Epaileek egotzi egin zuten Begic jokaldi horretan, baina horren meritua San Emeteriok ere badu, esloveniarra bere onetik aterata.
Gaur zer? Asmatzen duenak aberats, baina zuhur jokatu behar da epaileekin. Inork ez dezala espero Baskoniaren aldeko joerarik, hirugarrenean hala izan zelako, eta laugarrenean antzera gertatuz gero su emango diotelako Buesa Arenari Madrildik. Litekeena da Real Madrilen aldeko joera izatea, Espainiako hiriburutik sekulako presioa egiten ari direlako kanporaketa hiri hartara itzul dadin. Zer egin orduan? Jokoan jarri arreta, eta egurra ematen saiatu, epaileen irizpidea zein den jakin arte. Minutu pare batean jakiten da, baina Baskoniak ez dauka tarte handirik. Fisikoki nagusi da Real Madril, eta ematen ez badu, kantxatik aterako dute.
Bihotzak bakarrik ez du balio
Baskoniak zer hobetu franko du, 3-1ekoa lortu nahi badu. Hirugarren norgehiagokako jokoa ez zen ona izan. Jaurtiketan trakets jardun zuten arabarrek, eta Teletovicek eta Lampek berekoikeriaz sarri. Litekeena da beste jokalariek erantzukizuna hartu nahi ez izatea, baina Nemanja eta Milko Bjelicak, San Emeteriok, Ribasek erantzukizuna hartu behar dute Teletovic eta Lampe ondo ez daudenean edo kantxan ez daudenean, Olesonek herenegun egin zuen bezala. Hamazazpi puntu lortu zituen estatubatuarrak, eta erabakigarria izan zen. Taldeak jokatu behar du, izenen gainetik, arrakasta lortzeko aukera izan nahi badu.
Bihotza eta kasta jarriko dituztela zalantzarik ez dago. Ezinezkoa da ez jartzea harmailetan 14.000 edo 15.000 zale sutsu daudenean eta saria ACB ligako finala denean. Baina ez da nahikoa. Burua ere beharko da, eta Dusko Ivanovicek kanporaketan gehien errepikatu duen hitza ere bai: pazientzia. Zertarako? Burua ez galtzeko aurkariak markagailuan aldea ateratzen duenean. Huts egiten denean konfiantzari eusteko, eta aukera iritsiko delako. Goiz edo berandu, iritsiko da, eta orduan atera behar zaio etekina.
CAJA LABORAL-R. MADRIL
Txapelketa. ACB ligako finalerdietako laugarren partida. 2-1 da aurretik Caja Laboral Baskonia.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Calbarro, Teletovic, Milko Bjelica eta Lampe.
Real Madril. Llull, Rodriguez, Carroll, Pocius, Singler, Suarez, Velickovic, Mirotic, Reyes, Tomic eta Begic.
Lekua. Buesa Arena (15.504 ikusle).
Ordua. 20:45 (Teledeporte).
Beste finalerdia. Atzo: Valentzia-Bartzelona(64-80). 1-2 doaz kanporaketan.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak
Berdinketarekin jai dago
Baskoniak ezin du finala jokatzeko daukan aukera pasatzen utzi; Madrilera bueltatzea belaunikatzearen parekoa litzateke ia-iaGori-gori jarraitzen du giroak, epaileen lana dela eta, eta oso partida gogorra espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu