Txirrindularitza

Bere onera etorri da Cancellara

Trek taldeko suitzarrak irabazi du Tirreno-Adriatikoko azken erlojupekoa, Adriano Maloriri (Movistar) aurrea hartuta. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Nairo Quintanak (Movistar) irabazi du itzulia.

jarraia109071.jpg
unai zubeldia
2015eko martxoaren 17a
16:23
Entzun

Ez zen gustura geratu lehen erlojupekoan. "Irabazi izan banu ere sentimendua ez zen aldatuko; akats asko egin ditut". Fabian Cancellarak (Trek) bigarren postuarekin etsi behar izan zuen Tirreno-Adriatikoko lehen etapan, erlojupeko motz-motzean, eta penatuta geratu zen Adriano Maloriren (Movistar) garaipenari begira. Astebete geroago, ordea, arantza atera eta "erabat gustura" dagoela aitortu du suitzarrak, Tirreno-Adriatikoko azken erlojupekoa irabazita. Hamar kilometro pasatxoko ibilbide lauan, orduko 52,708 kilometroko batez bestekoa lortu du Cancellarak, eta lau segundo atera dizkio Maloriri. Bederatzi segundora geratu da Vasil Kiryienka (Sky) eta hamabira Jonathan Castroviejo (Movistar), lan dotorea eginda. 12. amaitu du Markel Irizarrek (Trek), Cancellararengandik 27 segundora.

Bauke Mollema bigarren sailkatuak (Trek) oso saio ona egin badu ere, sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Nairo Quintanak (Movistar) irabazi du itzulia, Mollemari hemezortzi segundo aterata. Rigoberto Uranek (Etixx) amaitu du hirugarren, 31 segundora. Atzetik, 35 segundora geratu da Thibaut Pinot (FDJ.fr), eta 39ra Alberto Contador (Tinkoff). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.