Gaizka Toquerok ez du denboraldi hasiera ona egin. Bi aldiz hartu du min, eta, lesio larriak izan ez arren, ez du jarraian jokatzeko modurik izan. Eta jakinekoa da bete-betean ez dagoen profesionalari kosta egiten zaiola lana ondo egitea. Azken metroetan freskotasun barik ikusi zaio. Hala ere, Caparrosentzat taldeko zutabe nagusietako bat da. Gasteiztarrak egiten duen lana eta grina ditu gustuko. Eta berandu baino lehen dohain horiei golak gehitzea da aurrelariaren helburua.
Almeriaren kontra ezin izan zenuen jokatu, eskuin izterrean mina zenuelako. Real Madrilen kontra jokatzeko prest egongo zara?
Hobetzen ari naiz. Ondo nago. Taldearekin entrenatzeko prest nago. Larunbaterako prest egongo naiz.
Denboraldi hasiera nahiko aldrebesa izan duzu. Arazo fisiko dezente izan dituzu?
Joan den sasoian zortea izan nuen. Ia ez nuen arazorik izan. Denboraldion, berriz, orkatila bihurritu dut, eta giharretako haustura bat ere izan dut. Lesioak alde batera laga eta ondo entrenatu gura dut.
Fisikoki ez zaude %100ean, eta hori nabaritu egin da zelaian.
Neurketa batzuetan nabaritu dut, bai. Lesioen erruz zailtasunak izan ditut gura dudan bezala jokatzeko. Orain ondo nago, eta, jarraipena izanez gero, hobetuko dut.
Athletic gol asko ari da egiten, baina zuk ez duzu batere egin oraindik. Ez da ohikoa eraginkortasun handia erakutsi duen talde batean aurrelarietako batek golik sartu ez izana.
Ez diot aparteko garrantzirik ematen. Jokatu dut, baina ez dut jarraian jokatzeko modurik izan. Dinamika lehenbailehen aldatu eta taldeari arlo horretan ere laguntzea espero dut.
Kezkatuta zaude golik egiten ez duzulako?
Ez nago batere kezkatuta. Golak etorriko dira.
Hala ere, ez dirudi golak sartzeko daukazun gaitasunarengatik jokatzen duzunik. Beste arlo batzuetan nabarmentzen zarelako zara teknikariaren gustukoa.
Aurrelari baten lanen artean dago golak sartzea, baina gauza gehiago ere egin behar dira. Entrenatzaileek jakingo dute zer gura duten taldearentzat. Oraingoz, nire jokoan konfiantza dutela erakutsi dute, eta horrela jarraitzea espero dut.
Zuk ez duzu gol bat sartu, eta Llorente, berriz, era guztietakoak ari da sartzen. Ikusgarri ari da.
Oso ondo hasi da. Egiari zor, joan den denboraldia ere oso indartsu amaitu zuen.
Beharbada penaltiak dira Llorenteren gabezia bakarra. Errioxarrarena eta talde guztiarena. Zer gertatzen ari zaio Athletici penalti jaurtiketetan?
Ez da normala. Mikel San Josek huts egin zuen azkena, baina, nire ustez, oso ondo jaurtitzen ditu.
Nola ikusi zenuen harmailetatik Athleticek Almeriari irabazitako partida?
Tentsio handiarekin. Bai jokalari bat gutxiagorekin eta bai bi gutxiagoarekin ere lan bikaina egin zuen taldeak. Hiru puntuak merezi izan genituen.
Ez da ohikoa izaten bi gutxiagorekin irabaztea.
Ez da erraza, ez. Lehen mailako talde guztiek dute kalitatea. Beraz, merezi duen moduan baloratu beharreko kontua da.
Athleticeko presidentea kexu agertu da epaileak egiten ari diren lanarekin. Ados zaude Farnando Garcia Macuarekin?
Epaileak ez dira perfektuak. Jokalariok alde batera utzi behar ditugu kontu horiek. Neurketa batzuetan gure aldeko erabakiak hartuko dituzte, eta kontrakoak beste batzuetan.
Hamasei punturekin lasaiago joango zarete Madrilera, ezta?
Etxeko lanak ondo egiteak lasaitasuna ematen du. Konfiantzaz eta emaitza ona eskuratzeko gai garela sinetsita zelairatu behar dugu Santiago Bernabeun.
Ez dirudi zelairik aproposena etxetik kanpoko bolada txarra amaitzeko.
Ez da aproposena, baina joan den sasoian ere ondo ibili ginen. Orduko lanaren antzekoa egitea dugu xede.
Mourinhoren eskua nabari da dagoeneko Real Madrilen. Talde orekatuagoa eta sendoagoa da egungo Real Madril.
Defentsan hobetu du. Erasoan jokalari azkarrak eta eraginkorrak izaten ditu beti RealMadrilek. Beraz, atzean ondo aritzen bada, talde indartsua izango da.
Zein gustatzen zaizu gehien?
Futbolari ia guztiak dira onak. Cristiano Ronaldok oso indartsu hasi du sasoia. Xabi Alonsoren jokoa ere oso ona da.
Denboraldiko neurketa gaitzena al da?
Niretzat, Camp Noun Bartzelonaren kontra jokatzea da denboraldiko neurketa gaitzena.
Hamaika hilabetean partida bakarra irabazi duzue etxetik kanpo. Estatistika pobrea da hori.
Denboraldi honetan oso talde indartsuen kontra jokatu dugu. Hori ere kontuan hartu behar da.
Zergatik dago horrenbesteko aldea San Mamesko eta etxetik kanpoko Athleticen artean?
Talde guztiei kostatzen zaie etxetik kanpo puntuak batzea. Gainerako taldeei gertatzen zaien moduan, guk ere askoz hobeto jokatzen dugu zaleen aurrean ari garenean.
Ba al du Athleticek Real Madrilen kontra emaitza on bat eskuratzeko aukerarik?
Partida batean gauza asko gerta daitezke. Guk oso ondo jokatu beharko dugu. Badakigu haiek direla faborito, baina guk baikorrak izan behar dugu.
«Bernabeukoa baino zailagoa izango da Camp Nouko partida»
Giharretako arazoak gainditu ditu. Prest dago taldeari lagundu eta sasoi hasieran ate aurrean izandako lehortea amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu