Giroa bare zegoen, baina gaur lurrikara eragin dute Ineos taldeak eta bere lemazainak, Egan Bernalek. Lur hutsezko zatiak ziren etapako arretagune nagusiak, eta sailkapeneko lehen postuan sendotzeko baliatu ditu kolonbiarrak. Erasoa da defentsarik onena, eta, maglia arrosari eusteko, lasterketa haustea deliberatu du Giroko liderrak. Haren joak Remco Evenepoelen (Deceuninck) ezina bistaratu du. Flandriarrak ikara bizia zion lur hutsari, eta latz sufritu du sterrato zatietan. Lur jota gelditu da bukaeran: 2.08 galdu du Bernalekin. Bost postu egin ditu atzera sailkapen nagusian, bigarrenetik zazpigarrenera. Lidergoa 2.22ra geratu zaio. Oraindik badu tartea bere onera etortzeko, baina baliteke gaurko kolpe psikologikoak arrastoa uztea.
Bernal, ordea, hanpatuta dago, orain arteko etaparik zailenetan beti izan baita liderrik indartsuena. Gaurkoa ez da salbuespena izan, eta denbora atera die gainontzeko hautagaiei: hiru segundo Emanuel Buchmanni (Bora), 23 Aleksandr Vlasovi (Astana), 26 Damiano Caruso (Bahrain) eta Simon Yatesi (Bike Exchange), 32 Hugh Carthyri (Education), 1.47 Giulio Cicconeri (Trek)... Evenepoelen gainbehera profitatuz, Vlasov jarri da bigarren sailkapen nagusian, 45 segundoko atzerapenarekin, eta hirugarren Caruso, 1.12ra; bikain ari da betetzen Mikel Landak utzitako hutsunea.
Bi etapa jokatu dira aldi berean: hautagaien borroka izan da alde batetik, eta ihesaldiko lehia bestetik. Bertan, Mauro Schmid (Qhubeka) izan da indartsuena, eta, hala, lehen garaipena lortu du profesional gisa. Zalaparta handirik gabe osatu da suitzarrak errematatu duen ihesa. 11 txirrindularik egin dute aurrera: Schmidek berak eta Jan Lindemanek (Qhubeka), Taco van der Hoornek (Wanty), Harm Vanhouckek eta Roger Klugek (Lotto Soudal), Enrico Battaglinek (Bardiani), Francesco Gavazzik (Eolo), Dries De Bondtek (Alpecin), Lawrence Naesenek (AG2R), Simon Guglielmik (Groupama) eta Alessandro Covik (UAE). Tropelaren oniritzia zuten, eta tartea handituz joan dira kilometroen joanean. Ineosek ez zuen inongo beharrik jazarpenean itsutzeko, eta beste hautagaien taldeek uko egin diote lema hartzeari.
Horiek horrela, iheslariak hamalau minututik gorako aldearekin iritsi dira lehen lurbidera. 9,1 kilometroko zatia zen, eta errepideak, oro har, beheranzko joera zuen. Lasterketa burukoek bil-bil eginda igaro dute; tropelak, ordea, luzatu handia hartu du, Ineosen eginahalaren ondorioz. Buruan jarri da Filippo Ganna, gurpilean Bernal zuela. Etena sortu da azkenean, eta atzean gelditu dira, besteak beste, Evenepoel, Vlasov eta Yates. Bat egin dute berriro asfaltora itzultzean, baina ez zen batere seinale ona horren azkar sufritzen hastea. 50 kilometro eta hiru sterrato zati gelditzen ziren oraindik.
Luzeagoa eta gogorragoa zen hurrengo tartea: 13,5 kilometro luze zen, eta aldapa piko bat zuen. Ez da eraso handirik izan: Jumbo Vismako George Bennett eta Tobias Foss izan dira saiatzen bakarrak. Halere, berriz ere estu eta larri izan dira Evenepoel eta Yates. Oso atzean zeuden. Asfaltorik gabeko zatia gainditu orduko ekin diote postuak aurreratzeari. Konfiantza kontua zirudien, indar falta baino gehiago.
Yatesek buelta eman dio egoerari; aldiz, izuak jota zegoela berretsi du Evenepoelek. Maldan behera hasten zen hurrengo lurbidea, eta oso gaizki kokatuta iritsi da flandriarra. Beldurrak airean zegoen; menturaz, gainean zituen iazko istripuaren mamuak. Gabezia tekniko handiak erakutsi ditu, eta, ezinbestean, moztuta gelditu da. Bernal, berriz, indar betean zen, eta, gainera, sekulako laguntza eskaini dio Gianni Moscon taldekideak. Kontrara, asko kostata atzeratu da Joao Almeida Evenepoeli laguntzera.
Ihesaldikoek kilometroak zeramatzaten mokoka, etapa garaipena ziurra baitzuten, eta azken sterrato tartean Schmidt eta Covi nabarmendu dira. Atzean, bakarrik joaten saiatu da Vlasov, baina nahieran ihardetsi dio Bernalek. Giroko liderrak erabat kontrolpean zuen egoera.
Lur gainean 35 kilometro egin ondoren, soilik hamahiru ziklista gelditzen ziren onenen multzoan. Etapa akigarria izan da, eta Lume Spentoko igoeran lehertu egin dira Ciccone, Vincenzo Nibali (Trek) eta Marc Soler (Movistar). Buchmannek metro batzuk hartu ditu, eta, geroago, haren atzetik irten dira Vlasov eta Bernal. Kolonbiarrak beste estutu bat egin du gainaren aurretik, eta errusiarra atzean utzi. Beste horrenbeste egin du Buchmannekin helmugako aldapan. 3.09 lehenago iritsia zen Schmid, Coviri esprintean gailenduta. Montalcino etapa epiko baten lekuko izan da berriro ere.