Mikel Beroizek eta Aritz Lasak jokatuko dute 2. Mailako buruz buruko txapelketako finala, ekainaren 12an, oraindik zehaztu gabeko pilotaleku batean. Beroiz atzo pasatu zen finalera, Zallan gorriak ikusita Mikel Urrutikoetxearen aurka irabazi ondoren (22-20). Lasa, berriz, herenegun sailkatu zen, Iñigo Leizaren aurka Beasainen 22-16 irabazita.
Urrutikoetxeak eta Beroizek partida galanta jokatu zuten atzo pilotaleku urdinean. Zorua oso lakarra zegoen, eta partida asko gogortzeaz gain, bi pilotariek izan zituzten botera egokitzeko arazoak. 72 minutu eta ia hirurehun pilotakadaren ondoren, Uhartekoak leher eginda altxa zituen besoak bukaeran. Izan ere, ia galduta izan zuen partidari eman zion buelta. Urrutikoetxeak hasiera ikusgarria izan zuen, eskuinez zein ezkerrez pilota ondo luzatuz 7-18 aurreratu zen. Kantxa gaineko aldea nabarmena zen, eta partida erabakita zegoela zirudien. Baina Beroizek ez zuen amore eman, eta lanean jarraituz 20-19 aurreratu zen. Kuraia erakustaldia izan zen berea. Urrutikoetxeak bolada txarra eten zuen (20-20), baina azken tantoak iazko txapeldunak egin zituen.
Herenegungo Beasaingo partidak ez zuen hainbeste emoziorik izan, eta Lasa lan oso txukuna eginda sailkatu zen. Irabazleak txapelketako partidarik onena jokatu zuen Leizaren aurka. Urretxukoak oldarkor jokatu zuen, sotamanoz ausart sartu eta sake errematea bilatzen. Leizak, tartean, saketik eginiko tantoei esker -sei guztira- eutsi zion orekari (11-11). Errestoarekin asmatzen hasi zenean, baina, Lasa nagusi izan zen (12-19). Irabazleak hamalau tanto egin zituen jokoan.
Beroizek eta Lasak jokatuko dute 2. Mailako finala
Uhartekoak kostata kanporatu du Urrutikoetxea (22-20), eta Urretxukoak Leizari irabazi dio (22-16)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu