Berresteko tenorea da

Baionak Perpinyari irabazi behar dio gaur, goiko aldean segitzeko eta derbiari begira konfiantza hartzeko

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Baiona bere maratoi bereziaren bidearen erdian dago, Kataluniako USAP Jean Daugerren hartu aurretik. Top14ko faboritoen aurka jokatzea egokitu zaio azken bi partidetan: Clermonti irabazi zion etxean, eta Tolosan galdu. Hurrengo bi partidetan, Perpinya bi urtez jarraian Top14ko finalera iritsi den taldea eta Miarritze Heineken kopako finalista izandakoa hartuko ditu etxean.

Zazpi partida bakarrik jokatu dira 2010-2011 sasoiko Top14an, baina xuri-urdinak oso ongi moldatzen ari dira. Etxean partida bakarra ere ez dute galdu oraingoz, eta Baionatik urrun bi aldiz irabaztea lortu dute eta beste bi partida galdu dituzte. Logika osoz, sailkapeneko laugarren postuan dago orain Christian Gajanek zuzentzen duen taldea, eta goiko postuetan jarraitzeko, garrantzi handia izanen dute hurrengo bi partidek.

Baiona aldean, perspektiba horretaz jakitun daude jokalariak, baina burua hotz eduki nahi dute. «Hurrengo bi partidak irabaziz geroz, mailari eusteko pauso on bat eginen dugu», dio, adibidez, Julien Puricelli baionarren kapitainak. Iragan sasoiko zauriak ez dira hetsi oraino. «Mailari eustean pentsatzen dugu bakarrik. Ikusiko dugu geroago ea beste helburu batzuk ezartzen ahal ditugun».

Iragan udaberriko gertakariak ez dira ezabatu, baina pixkanaka baionarrak urrunago begiratzen hasi dira. «Sasoi berrian sartu gara, baina gertakariak buruan ditugu. Agian, handitzen jarraitzeko beharrezko proba izan zen».

Baionak umil jarraitu nahi du, baina sasoi hasiera biribila dela onartzen du. Toulonen eta Bourgoinen lortutako garaipenei esker, erosoago ari da. «Garaipen hauek entrenatzaileen ibilmoldea indartu eta sendotu dute. Denak zentzu berean goaz».

Aldaketekin aitzina

Baionako kapitainak aipatzen duen funtzionamendu horren ezaugarri bat dira hasierako hamabostekoan egiten diren aldaketak. Partida honetarako ere aldaketekin aitzina egin du Gajanek. Tolosan atseden izan eta gero, Iginiz, Roumieu eta Baioccok lehen lerroa eraberritua osatuko dute gaur. Flavellek bigarren partida izanen du bigarren lerroan. Gajanek, aldi honetan Gartzia-Boyet bikotearen alde egin du, Julien Audyren kalterako.

Gibelean Elhorga saratarrak bigarren partida jokatuko du denboraldi honetan. Clermonten partida txalogarria jokatu zuen, eta beste aukera bat izanen du. Partida pare batez aulkian egon eta gero, hegalean Jean Baptiste Peyras biarnesa ere hasieratik ariko da, Yoann Hugeten ondoan.

Perpinyaren aldetik, sasoi hasieran uzkur aritu eta gero, hobekuntza nabariarekin etorriko da Baionara. Azken lau partidetan hiru garaipen eta berdinketa bat lortu du USAPek, eta sailkapenean gora egin du. Hala ere, jokoaren aldetik ez da itxura onena ematen ari. Joan zen astean dezente sufrituta irabazi zion etxean Parisko Stade Françaisi (22-21). Aipatzekoa da kataluniarren ohiko kapitaina, Nicolas Mas, ez dela izanen zelaian.



BAIONA-PERPINYA

Baiona. Iginiz, Roumieu, Baiocco; Linde, Flavell; Martin, Puricelli (kapitaina), Haare; Gartzia, Boyet; Peyras, Mazars, Lacroix, Huget; Elhorga.

Perpinya. Freshwater, Guirado, Pulu; Tchale-Watchou, Vilaceca; Tonita, Guiry, Tuilagi; Boulogne, Bosch; Candelon, Marty (kapitaina), Mermoz, Plante; Porical.

Lekua.Jean Dauger (17.000 ikusle).

Orena. 16:30 (Canal Plus Frantzia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.