Gescrap Bizkaia 85. Valentzia Basket 74

Berri onak, behingoz

Gescrapek Valentziaren biguntasuna baliatu du partida aise hausteko, eta, dinamika aldatzeko, garaipen polita lortu

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaia. Jackson (12), Blums (8), Mumbru (12), Banic (17) eta D'Or Fischer (10) —hasierako bostekoa…; Raul (2), Grimau (2), Josh Fisher (4), Vasileiadis (10), Mavroeidis (8) eta Hervelle.

Valentzia. Markovic (3), Rafa Martinez (12), Abia (2), Caner-Medley (21) eta Listxuk (10) —hasierako bostekoa—; San Miguel (6), De Colo (12), Ogilvy (8) eta Kuksiks.

Markagailua laurdenka. 24-14, 48-36 (atsed.); 68-48 eta 85-74.

Epaileak. Garcia Ortiz, Jimenez eta Sanchez Montserrat. Kanporatuak: Gescrapeko D'Or Fischer (37. m.) eta Mavroeidis (38. m.).

Bestelakoak. 8.302 ikusle.

Zenbait xehetasun hobetu zitezkeen, baina garaipena da balio duena. Azken bost minutuetako zabarkeria, adibidez, Valentzia partidan sartzear egin zelako bizkaitarrak lasaitu ondoren. Emandako baloien kopurua oso handia izan zen berriro, hamabost, eta egindako faltetan ere zer hobetua badauka Katsikarisen taldeak. 28 egin zituen, gehiegi, eta horietako asko egin behar ez zirenean, aurkaria bonusean zegoela. Baina bosgarren garaipena iritsi zen, eta atzean utzi du emaitzen bolada txarra. Gaurko jardunaldiaren esperoan, posturen bat edo beste igoko da sailkapenean Bizkaia, eta gauzak ondo, garaipen bakarrera egongo da Kopa. Zaila dago oraindik, hurrengo bi aurkariak Unicaja eta Baskonia direlako.

Lan ona egin zuen Bizkaiak behingoz, baina haien meritua baino gehiago, Valentziak defentsan erakutsi zuen biguntasuna izan zen garaipen erosoaren gakoa. Partidara ordu laurden berandu iritsi zen, eta ohartzerako, 11-0 aurreratu zen Bizkaia. Agindua garbia zen: defentsa itogarria, trantsizio azkarrak eta intentsitatea. Valentziak jaurtiketa bakarra egin zuen lehen lau minutuan. Beste guztia galdutako baloiak edo erasoko faltak izan ziren.

Lasaitasuna irabazi zuen hasiera on horri esker etxeko taldeak, eta Valentzia 18-12 hurbildu bazen ere, azkar jo zuen beste kolpe bat mahai gainean, lehen laurdena 24-14 aurreratzeko. Banicek zortzi puntu saskiratu zituen, eta Aaron Jackson ere gustura zebilen, Markovic parekoa lozorroan zegoela baliatuz. Valentziak lesionatutako jokalari asko ditu, baina talentua badu, halere, eta Listxuk eta Caner-Medley bikoaren puntuei esker, 32-28 hurbildu zen. Valentziak bost hiruko saskiratu zituen azken laurdenean, eta Rodrigo San Miguelek saskiratutako azkenarekin, 40-34 hurbildu ziren bisitariak.

Hortxe bukatu zen Paco Olmosen taldearen kemena. 8-2ko partziala lortu zuen Bizkaiak atsedenaldira iritsi aurretik, eta zortzi horietatik zazpi puntu batekoak izan ziren. Opari asko egin zituen Valentziak, eta garesti ordaindu zuen bere axolagabekeria defentsan. Aldageletatik bueltan baldar samar jarraitu zutelako. Hainbesterako, hogei puntuko zuloa ireki zuela, eta partida bukatu. Harritzekoa izan zen Valentziaren lanerako grinarik eza.

D'Or Fischer eta Banic

Nabarmentzekoa izan zen apal samar zebiltzan jokalari biren jardun ona. D'Or Fischerrek partida ona egin zuen, eta nagusi egin saskipean. Hamar puntu sartu zituen, baina lau txapel jarri eta Listxuk eta Caner-Medley beldurtu. Aaron Jacksonek ere korrika egiten duenean askoz gusturago jokatzen duela erakutsi zuen hamaikagarrenez. Hamabi puntu eta bost asistentzia lortu zituen, eta taldeak gidaritzan behar duen erreferentea izan zen berriro.

Baina onena Marko Banic izan zen. Hori ez da berrikuntza handia, kapitaina taldea bizkar gain hartzen ohituta baitago, emaitzek sobera laguntzen ez dutenean. Banicek hamalau puntu lortu zituen lehen laurdenean, eta partida bukatuta, hamazazpi punturaino joan zen. Haren balorazioa, aldiz, hogeita bat puntukoa. Garaipenak buruko indarra ekarriko du. Istanbulen irabaztea zaila da, oraindik, baina bestela ikusten da kontua orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.