Datorren ostiralean ekingo zaio seigarren BERRIA txapelketari. Arrasaten izango da, eta aurrez aurre bi pilota elkarte hauek ariko dira: Txaruta eta Arrasate. Hamabi aste iraungo duen lehiaketaren lehen lehia izango da. Hogeita lau elkartek hartuko dute parte, eta Euskal Herri osokoak ariko dira. Finala martxoko azken asteburuan jokatuko da, Hernanin.
Atzo goizean egin zuten aurkezpena Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, ia elkarte guztietako ordezkariak bertan zirela. Hiru antolatzaile ditu txapelketak, eta haiek egin zuten aurkezpena: EKTko zuzendari nagusi Joan Mari Larrarte eta BERRIAko ordezkari Andoni Alvarez, Hernaniko elkarteko Rufino Rekalde eta Aurrera Saiazeko Andres Aramendi. Larrartek nabarmendu zuen «ohorea» dela txapelketa antolatzea, «nazio ikuspegia duelako eta nazio osoko elkarteak biltzen dituelako». Elkarteen lana nabarmendu zuen: «Kirolariak sortzeko ezinbestekoak zarete».
Rekaldek ere txapelketa goraipatu zuen: «Hazten ari da urtez urte, eta oso garrantzitsua da, beste lehiaketa guztiek ez duten ezaugarria duelako. Izan ere, pilotariak denboraldi osoan elkarteen izenean aritzen diren txapelketa bakarra da». Gero, lehiaketaren nondik norakoen berri eman zuen. Kadeteak, gazteak eta seniorrak ariko dira, binaka. Kanporaketaz kanporaketa jokatuko da lehiaketa, orain arte bezala. Baina bada aldaketa garrantzitsu bat: aurrera zein elkartek egingo duen erabakitzeko ez da kontuan hartuko tanto kopurua; bi partida irabazten dituenak jarraituko du txapelketan. Rekaldek azaldu zuen zergatia: «Partidak ez galtzera ateratzen zen jendea, batez ere kadeteetan, ikuskizunaren kaltetan». Zozketak eman zion amaiera aurkezpen ekitaldiari. Hastera doa pilotarien eta elkarteen haztegi den txapelketa. Emaitzen berri BERRIAn bertan emango da, baita partiden aurrerakoak ere. Horrez gain, www.berria.info webgunean aparteko jarraipena emango zaio.
PARTE-HARTZAILEAK
Gipuzkoako 8 elkarte. Zazpi Iturri , Añorga , Ilunpe , Usurbil , Arrasate , Gazteleku , Aurrera Saiaz eta Hernani.
Nafarroako 7. Zugarralde , Irurtzun , Aldabide , Txaruta , Erreka , Huarte eta San Miguel.
Bizkaiko 6. Adiskide , Txumulutxueta , Arkupe , Igorre , Markina eta Danok Lagunak.
Arabako 2. Txukun Lakua eta Zaramaga.
Iparraldeko 1. Selekzioa.
BERRIA txapelketa, ilusioaren hazi
Datorren ostiralean ekingo zaio seigarren ekitaldiari, eta Euskal Herri osoko hogeita lau pilota elkartek hartuko dute parte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu